

Secciones
Servicios
Destacamos
Tokiko sagar barietate ugari dago Gipuzkoan baina horietan ezagunenetakoa Errezil sagarra da. Errezil herriak eman dio izena, eta hala ezagutzen da herritik kanpo, baina bertakoek 'Ibarbi sagarra' izenez ezagutzen dute. Ibarbi, Errezilgo auzo bat da.
Errezilen berebiziko garrantzia du sagarrak. Horren erakusle da Errezil Sagarraren kultur elkartea, produktua bultzatzeko lan egin ohi duen taldea. Berak antolatu du igande honetan egindako Ibarbi Sagarraren Eguna. Hala, sagarraren, sagarkien eta bestelako produktuen azoka egin dute Errezilen eta aspaldiko partez, Gaztetandik kultur elkartearekin batera, ganadu eta makinaria erakusketa ere antolatu dute.
Eguraldi bikainak bultzatuta jende ugari gerturatu da, sagarra eta bestelako produktuak dastatu eta erostera. «Gustura» zeuden antolatzaileak. «Erostera baino, goiz pasa etorri ohi da jendea baina oso ondo joan da dena», zioen Iñaki Aiertzak, Ibarbi Sagarra elkarteko kideak. Tamaina desberdineko sagarrak zituzten salgai eta horren arabera, prezio desberdinak ezarrita zituzten. Sagar dultzea, mermelada, purea eta zukua zituzten. «Harrera ona» du sagarrak. Gainera, «leku egokian gordez gero, apirilera arte ere iraun dezake», zioen, produktua goraipatuz.
Mugarrieta baserriko Ximon eta Ladis Aizpuruk ere sagar barietate asko zituzten, otarretan ondo sailkatuta. Horrez gainera, artoa, baba eta sagar dultzea ere bai. «Urteroko ohitura» dela azokan parte hartzea azaldu zuten. Aurtengoa, ez da sagar urtea izan baina horren inguruan «gutxi baina kalitate onekoa» izan dela argudiatu zuen Ximonek.
Sagarra bakarrik ez, Errezilgo azokan bestelako produktuez ere gozatu ahal izan dute gerturatutakoek. Barazkiak, esnekiak, ogia edo artisautza produktuak, denetarik zegoen. Inaxio Arin, esaterako, Tolosatik gerturatu da salmentara. Balerdipeko erleak, erlezaintza proiektuko kidea da, Mattin Jauregirekin batera eta eztia eta honen dibertsifikazioa dute helburu. Gustura zegoen Errezilen. Izan ere, «udaberrian, sagarrondoak loratzen direnean, erleak hona ekarri ohi ditugu polinizatzera eta ezagun asko dauzkagu hemen. Etxeko plaza bat bezala da Errezil», zioen.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
No te pierdas...
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.