Borrar
Bideoa: 23.Korrika, zuzenean
23. Korrika

«Irribarre handi eta alaiaz», Irun euskararen alde

Euskararen aldeko aldarri ozenak 'Harro herri!' lelopean eta festa giroan bete ditu hiriko kaleak

Jueves, 14 de marzo 2024

«Ttipi-ttapa, ttipi-ttapa, Korrika!» oihu artean, eguraldia lagun eta sekulako giroan abiatu da 23. Korrika Irungo San Juan plazatik 'Harro herri' lelopean. Eta hitzok motz geratu dira, Beñat Alzaga Bidasoko AEK-ko zuzendariak esan bezala euskararen aldeko martxaren abiapuntu izatea «erronka handia» zelako., baina Irunek hiri bezala eta bertako biztanleek, euskaldun eta euskaltzaleek, baita Gipuzkoako eta Euskal Herriko hainbat txokotatik bertaratu direnek, ezin hobe erantzun dute AEKtik eta Korrikatik egindako deiari.

Lelo hori, euskararekiko atxikimendua, euskaraz bizitzeko gogoa eta lanean jarraitzeko nahia, egunean zehar sortu den eta oraindik den giroak ezin hobe gorpuztu du. Eta Alzagak hori goraipatu nahi izan du, «hemengo euskaldunei eta egindako lanari aitortza» egitea delako, «askotan itzalean edo ezkutuan geratu dena gehiengoa ez garelako». Gainera, «paradigma aldaketa» ere nabarmendu du, orain arte Korrikako irteera maiz herri txikietatik izan, arnasgune deiturikoak eta oraingoan Irun, «Gipuzkoako bigarren hiri populatuena da, baina euskara nagusi ez dena».

Alzagarekin batera izan da oholtzan ekitaldi nagusian Ane Elordi AEK-ko koordinatzailea, Korrikak iraungo duen hamaika egun hauetan euskararen aldeko aldarria «irribarre handienarekin, alaienarekin» zabaltzeko dei eginez, ostegun honetakoa eta aurretik datozenak «egun handiak» direlako «euskal komunitate osoarentzat».

Elordik Baionan irakurriko den mezu sekretua lekukoan sartuta eman da itxitzat ekitaldia eta berau Bidasoako AEK-ko kideei eman ostean hasi da 23. Korrika. Oholtzatik jaistean AEK-ko hainbat kidek banderolak eskuan zituztela pasiloa egin diete antolakuntzako bi furgonetak zeuden plazako gunera arte. «Orain Korrikak Euskal Herria goitik behera, ezkerretik eskuinera zeharkatuko duen honetan erakuts ditzagun gure irribarre handienak».

Izan ere, biek nabarmendu dituzte euren hitzartzeetan euskaldunek «egunerokoan» bizitzako hainbat une eta, euren esanetan, «euskararen herria, euskaldunon herria, Euskal Herria bigarren mailako» izaten jarraitzen dutela erakusten dutenak: kafea eskatzerakoan gaztelaniaz hitz egiteko eskaria, zeure herrian euskaraz aritzeagatik «arrotz» sentiaraztea, elkarrizketa gaztelaniara eramatea, mezu elektronikoak elebitan idatzi baino ez jasotzea edo medikuan euskaraz ez artatua izatea. «Denoi gertatu zaigu hori guztia ez da kasualitatea, ez zaizkizu ausaz edo kasualitatez parean egokitu. Euskararen normalizazioa xede izaki hori da ibilbide luzea egiteko dugun adierazle da», salatu dute.

Ildo berean, epaitegietatik heldutako erabakiak «oldarraldi judizial» baten baitan kokatu dituzte, euren esanetan «azken boladan areagotu» dena. Erantzun modura, euskaldun eta euskaltzaleen aktibaziora deitu dute. «Bada garaia hortzak erakusteko, baina modu asko daude. Estutu genitzake, baina ez. Guk gaur eta hemen bestela egingo dugu», orro egin dute

Lehen kilometro horretan protagonismoa Idoia Genua, Mattin Sorzabalbere, Beñat Alzaga, Maider Ugarte, Uxue Kriado, Koro Lopetegi, Aitor Errazkin, Olatz Berasarte, Andoni Eizagirre, Xalba Elorza eta Maddi Sanz Bidasoako AEK-ko kideek izan zuten. Korrika Irundik irtenda, euskararen aldeko martxa joanda ere «oroitzapenean betirako» geratuko direnak sortu dituztela iritzi dute. «Geratzen zaiguna da txapela janztea. Egun zirraragarria izan da. Orain hunkitu, emozionalki dena askatu eta gozatu besterik ez da geratzen».

Korrika ostean ere, festa

Eguna Irunen goizetik izan da berezia, AEK-k eta Korrikak egitarau zabala antolatu baidute. Programa 11:30ean abiatu da San Juan eta Urdanibia plazetan, lehenean Muxikoak emanaldiarekin eta bigarrenean artisau azokarekin. Arratsaldeko zazpiak arte bederatzi artisauk euren lanak erakusgai izan dituzte bertaratu direnen gozamenerako.

Gazte Korrikak hartu du jarraian lekukoa. Ehundaka ikasle Irungo kale nagusietan ibili dira aldarrikapenak kalera eramanez eta, AEK-k nahi duen bezala, Irunen ere euskaraz bizitzeko nahia eta gogoa dela adieraziz.

Eguerdi aldera, eguraldia lagun, bertso triki-poteoak bolumena zertxobait altxa eta egunak berezitik duela berretsi du. Ostegun buruzuri bat izateko Irungo kaleak mukuru dira, hainbat partaide jada petoarekin edo kamisetarekin prest eta ordu batzuk geroago izango zen 23. Korrikan parte hartzeko gogoz.

Ordu eta erdiko korrika saioaren ostean, tartean Hondarribian egindako sartu-irtenarekin, noski, eguna ezin zen bere horretan amaitu. Euskararen aldeko martxa eta aldarriak Lapurdin barrena segitzen zuten bitartean, Burrunba elektrotxarangak ezin hobe ulertu du zer behar zuen San Juan plazaren bueltan bildu den jendetzak: musika eta erritmo dantzagarriak giro onari jarraipena emateko. Irungo eguna borobiltzeko azken lekukoa hartu du Esne Beltza eta Bad Sound-ek

Noiz itzuliko da Gipuzkoara?

Jada abian den 23. Korrika Gipuzkoatik abiatu den laugarren aldia izan da, 1980an lehen edizioan Oñatitik, 1997an Arantzazutik eta 2013an Andoainetik irten ostean. Ohi bezala, ez da lurraldean egingo duen bisita bakarra eta 2024an beste bitan entzungo dira euskararen aldeko aldarriak.

Araba eta nagusiki Nafarroa zeharkatu ostean, jada lekukoaren 1.300 txanda baino gehiago izan direnean, helduko da bigarrenez. Martxoaren 19ko (asteartea) 20:09etan Goizuetako bidetik Hernanira heltzea aurreikusten du antolakuntzak eta astearte osoa Buruntzaldean egitea, Urnieta (21:38) Lasarte-Oria (21:58) eta Usurbil (22:53) izango da. Eguna Oriora (23:57) bidean amaituko du euskararen martxak eta asteazkeneko arratsaldea arte Gipuzkoa zeharkatuko du. Lehenik Urola Kostan barrena arituko da (Orio 00:43, Zarautz, Getaria 01:38, Zumaia 02:03) eta oraindik gau betean helduko da Urola Erdira (Aizarnazabal 03:05, Zestoa 03:59, Azpeitia 04:50, Azkoitia 05:31) eguna argitu bidean zapaltzeko Debagoiena (Elosu 6:32, Bergara 06:44, Elgeta 08:28.

Bizkaian sartu-irtena egin ostean, Debabarrenara helduko da (Eibar 10:24, Soraluze 11:15, Elgoibar 12:09, Mendaro 12:55, Deba 13:28 eta Mutrikun 14:11etan amaitzeko.

Larunbata osoa Gipuzkoan

Larunbata apenas hasi denean helduko da Legutiotik Mugara (02:04) eta ia egun osoa egingo du Gipuzkoan. Ziur harrera aparta egingo diotela Debagoienan lekukoari, are gehiago larunbata izanda. Ohi bezala herriz herri egitarau berezia antolatuko dute bertako eragileek euskararen martxa aurretik eta ostean, musikaz eta jaiaz blaituz aldarrikapenerako korrika-saioa. Urola Garaia bidean igaroko ditu Gatzaga (02:11), Eskoriatza (02:37), Aretxabaleta (03:16), Arrasate (03:35), Oñati (04:21) egunsentiaren aurretik heltzeko Legazpira (05:45).

Eguzkiaren bila ibiliko da ostean herriz herri euskararen martxa. Zumarraga (06:47) izango da lehena eta Goierri zapaldu aurretik lekukoa Urretxun (07:00), berriro ere Zumarragan (07:07) eta Ezkio-Itsason (07:26). Jada argi-printzak korrika ari direnen lana 'erraztuko' dutenean izango da korrika-saioa Gabirian (07:52) eta eguna berotze bidean doanean helduko da Ormaiztegira (08:38) Lierni bidetik. Jarraian izango dira Mutiloa (08:51), Zerain (09:04), Segura (09:17), Idiazabal (09:37), Olaberria (10:15), Lazkao (10:41), Beasain (10:56), Ordizia (11:34), Itsasondo (12:09) eta Legorreta (12:22).

Eguerdian indarberritzeko jateko eta edatekoa eman beharko diete Ikaztegietan, Tolosaldean egiten duen sarrera ospatzeko 12:48an eta aurretik duen bideari gogoz ekiteko. Bazkalostera bidean izango da Alegia (13:08), Tolosa (13:53), Ibarra (14:13), bigarrenez Tolosa (14:26), Anoeta (14:45), Irura (14:58), Amasa-Villabona (15:05), Zizurkil (15:31) eta Adunaren (15:44) txanda.

Eta bazkalosteko kafearekin igaroko da 23. Korrikaren lekukoa Buruntzaldeara Andoainen (15:57) sartuz, ostean Urnieta (16:42) eta sagardotegi boladan murgilduta izango diren Hernani (17:06) eta Astigarragan (17:51) arratsalde bereziaz gozatzeko. Handik egingo du jauzi Donostiara eta Gipuzkoako hiriburuan izango da eguneko azken argietatik gaua ia amaitu arte.

Martutenera arratsaldeko 18:00ak pasatak direla helduko dira euskararen aldeko aldarriak (18:09) eta auzoz auzo jarraituko du martxak: Loiola (18:29), Erriberak (18:42), Amara (18:47), Erdialdea (19:18), Kontxako pasealekua hartuta Antiguara helduko da (19:29) eta Añorgarako bidea hartuta biribilgunean buelta eman (19:55) ostean berriro Antiguara joango da 23. Korrika (20:07). Handik berriro Erdialderako bidea hartuko du (20:33) Gros auzora heldu (20:46), Alde Zaharrera itzuli (21:02), Egiako bidea hartu (21:23) eta Donostia ekialdea izateko hurrengo geltoki. Hala, Intxaurrondo (21:48), Bidebieta (22:09) eta Altza (22:22) pasa ostean Oarsoaldeara joango da.

Gipuzkoako azken kilometroak Pasaia Antxon (22:50) hasiko ditu, Trintxerpe (23:10) eta Pasaia San Pedrora (23:17) ere eramateko euskararen aldeko aldarria. Une horretan, 'korrika' egiteari utzi beharko dio tarte batez, lekukoa Pasai Donibanera txalupaz igaroko baita (23:24). Handik Lezora (23:33) jarraituko du, berriro ere korrika martxa hartu eta Errenteria bidea hartzeko. Larunbata amaitzear dela helduko da, 23:48ak aldera eta jada 23. edizioko azken egunean, igandea 24an Oiartzunen izango da Korrika (00:27).

Ostean Lesakarako bidea egingo du goiza Nafarroa aldean eta Lapurdin banatzeko. Baionara iritsiera 10:42etarako dago aurreikusia eta azken ordu erdia hiriburuko kaleetan egingo du helmugara 12:20an heltzeko. Behin 23. Korrika amaitzen denean jakinaraziko da lekukoak barnean daraman mezu sekretua eguerdiko 13:30ak aldera eta, osteko jai eta ospakizunean, omenduko da 'Azterketak Euskaraz'.

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Irribarre handi eta alaiaz», Irun euskararen alde