Borrar

Otso zuri bat telebistara begira

Begoña del Teso

San Sebastián

Domingo, 25 de mayo 2025, 11:37

Gutako askok ezer gutxi jakin gabe, gure inguruetan badira jende franko zor eta lor, ahoa bete hortz utziko luketen hamaika kontu. Kasik isilpean gordeta. Kasik misterio ederrak bilduta. Dakienak daki eta ez dakiena ez digu inportik.

Adibiderik? Zizurkil, Amasa-Villabona eta Asteasu herriek bat egiten duten mugan bada 'Muga Ranch' izeneko miraria. Hazten dira bertan Oesteko pelikuletako cow-boy haiek lanerako zein arerioengandik alde, ihes egin behar zutenean erabiltzen zituzten zaldi amerikarrak, hipodromoetan urrezko kopak irabazten dituzten odolgarbi horiekin zerikusi gutxi dutenak. Bereziak dira oso, sen, instintu, intuizio handikoak. Ganaduarekin trebatzen zirenez, nabari dira beraiengan artzakurrek propio dauzkaten mainak. Bridak ez dira ezinbestekoak gidatzeko. Izan ere, zail samar egiten zitzaien mila gauzetan (tiroka, galdu ziren behiak aurkitzen, aldendu zirenak lakioz hartzen…) okupaturik ziren zaldiko horiei aho-uhalak erabiltzea. Beraz, zaldi amerikano horiek (Appaloosa, Paint Horse arrazkoak…) ziztu batean erreakzionatzen dute zaldikoaren ahotsa entzuterakoan. Edo gorputzaren mugimendu baten aurrean. Edo belaunekin egindako presioari.

Zaldi amerikarrak hazten dira Mugan. Eta Western izeneko zaldiz ibiltzeko era ikusgarria irakatsi ere. Ez esan ez dela kontu harrigarria Beballara auzoan errantxo bat izatea. Bertan, badira David Bowie ematen duten animaliak. David Bowie? Bai, baita hor begi bat urdina eta bestea beltza duen zaldia.

Bertan badira David Bowie ematen duten animaliak, hor begi bat urdina eta bestea beltza duen zaldia

Ez da beharrezkoa aipatutako Zizurkil-Villabona eta Asteasuren arteko gurutze-bidetik oso urrun joatea beste sorpresa-kolpe ederra hartzeko. Laster batean gaude Buztinbailaran eta hantxe, badira Linde Timmermans eta Jon Agirreren behor, zaldi eta zaldikumeak. Bereziak ere. Oso, Pareko gutxi dute beste zalditegi on onetan dauden besteekin. Lindek eta Jonek hazten dituzten animaliak natura-erreserbetan dira jaioak eta berez, basatiak dira.

Mundu honetan barna oso hazle/hezitzaile gutxik jarduten dute arraza libre horiekin. Haietako bi Jon eta Linde dira, Jakina asko, animalia bikain horiek euren natura zein den ikas dezaten Jonek eta Lindek modu arras natural, organiko eta librean darabiltzate.

Baina parekorik, igualik ez duten zaldi zoriontsu horiek ez dira Buztinbailaran ondo gordetako sekretu bakarra. Jatorriz belgikarra, Lindek artzain txakur suitzarrak hazten ditu. Bezalakorik zaila aurkitzen. Naturaz mastin edo artzanorekin zerikusia badute ere, hurbilagoak daude artzakur alemanarengandik. Azkarrak dira oso. Handiak oso. Erabat zuriak. Urtetan zehar pentsatu izan da albinoak zirela. Frogatu berri da ez dela horrela. Zuriak dira neguko,elurreko, olatuaren aparraren kolore hori baita beren ezaugarri genetikoetako bat, ikusgarriena, izan ere. Beltzak dituzte, hori bai, begiak eta muturra.

Linderen zakurkumea

Zurenean Linderen zakurkume baduzu, egunero, kasik orduero antzemango duzu handitzen. Ikusiko duzu inguratzen duen munduaz jabetzen. Dituen gaitasunez harritzen eta, aldi berean gozatzen hasten.

Lehengo momentuetan baldar samar dabil jardinean eta ezin du eskailerak jaitsi. Ez dio baina inportik: salto egiten du. Igotzeko? Arazorik ez ikasi baitu igotzen beherantz joaten baino lehenago.

Belarriak izango ditu tente hazkuntza bukatzerakoan eta ernai izango da beti. Ez ahaztu artzakurra denik. Oraingoz, ezagutzen duen animalia bakarra etxea bere egin duen kale katua da. Errespetu handia dio. Ez da fidatzen. Segituan harrapatu du ideia, mundu honetan hierarkiak badaude.

Baditu bere jostailuak baina gehien gustatzen zaiona… telebista ikustea da. Benetan. Bitan edo harrapatu du jabeak pantailan mugitzen diren izaki horiei begira, seko liluraturik. Dirudienez, urrutiko agintea bota edo zapaldu zuen behin batean. Kasualitatez, txiripaz, ezustean piztu zen telebista eta dir-dir egiten zuen kaxa horretan zegoenak txundituta, minutuak eta minutuak eman zituen begira. Saiatu zen inkluso zaunka egiten baina oraindik ez du otso zuriak (horrela deitzen diete Suitzako artzakurrei mundu zabalean) izan behar duen ainuria.

Inork irudikatuko ez lituzkeen istorioak gertatzen dira gugandik oso hurbil. Non otsoak zuriak diren eta zaldiak… Oestekoak. Bailaretan ari dira zaunka eta lauhazka.

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Otso zuri bat telebistara begira

Otso zuri bat telebistara begira