Borrar

Gaur bozkatuko du Lakuntzako Udalak UEMAko kide izatea

«Aukera hori euskararen biziraupenari eta erabilerari bultzada emateko baliatu nahiko genuke», adierazi du Oihane Uribeetxebarria alkateak

J. Agirre

Jueves, 21 de marzo 2024, 12:09

Helburu garrantzitsu bat, 100 udalerrien langa gainditzea, amaitu zuen Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMAk) 2023a eta ezarritako helburu berriak betez hasi du 2024a, izan ere egitasmo nagusien artean Nafarroako udalerri euskaldunak gerturatzea ezarri zen eta ostegun honetan Lakuntzako Udalak osoko bilkuran bozkatuko du proposamena. Baiezkoa ateraz gero, Nafarroako 17. herria izango da Sakanako udalerria. «Aukera hori euskararen biziraupenari eta erabilerari bultzada emateko baliatu nahiko genuke», adierazi du Oihane Uribeetxebarria alkateak.

Izan ere, euskararen ezagutzak eta kaleko erabilerak apur bat gora egin duten arren, kaleko erabilerarekin oso kezkatuta dago Lakuntzako Udala. Uribeetxebarriak UEMAri adierazi dionez, «erabilera bultzatzea da hurrengo urteetarako erronka. Izan ere, Lakuntzan erdara da nagusi kalean».

«Erabilera bultzatzeko, elkarlana eta auzolana ezinbesteko lanabesak izango dira. UEMAren esperientzia eta udalerri euskaldunetarako duen hizkuntza politika Lakuntzarako ere bidelagun izan daitezkeela sinesten dugu», esan du.

Ezagutzari dagokionez, euskaldunen eta ia euskaldunen ehunekoak apur bat gora egin du Lakuntzan azken datu soziolinguistikoen arabera, eta horrek ahalbideratu die udalerri euskaldunen multzora iristea. Kaleko erabilerak ere gora egin du, baina, hala ere, %34,3an dago oraindik. Hori iraultzea da Lakuntzako Udalak ostegun honetan hartuko duen erabakiaren helburuetako bat.

Berretsi, batzarrean

Eskaria, ohi bezala, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen hurrengo bilkuran berretsiko da. Azkena pasa den abenduan izan zen eta Azkoitia, Berrobi, Hondarribia, Lezo, Mendexa eta Zeanuri onartu ziren kide berri bezala. Hala, une honetan 107 udalek osatzen dute orain mankomunitatea, guztien artean 342.000 biztanleko lurgune euskalduna osatuz. Eguna baliatu zen gainera herriek egindako lana eskertzeko.

Aurrez, maiatzaren 18an izango da Udalerri Euskaldunen Eguna, Arnasguneek eta udalerri euskaldunek euskararen biziberritzeari egiten dioten ekarpena ikusaraztea eta euskararen lurgunea babesteko eta sendotzeko beharra nabarmentzea helburu dituen topaketa.

35 urteko lana

Euskararen aldeko herri mugimendutik sortu zen UEMA. 1988an Euskal Herrian Euskaraz elkartearen mozio bat onartu zuten Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 32 udalek, udalak euskalduntzeko eta euskara hutsean funtzionatzen hasteko. Horretarako zailtasunak eta arazo komunak zituztela ohartuta, udal haietako batzuk elkarren artean biltzen eta koordinatzen hasi ziren, udalak ere euskaraz lanean hasi ahal izateko. Horrela, mankomunitate izaera hartuta, erakunde publiko bihurtu zen UEMA. 1991n, sorrerako batzarrean 17 udalek hartu zuten parte, eta ordudanik hazten joan da udalerri euskaldunen lurgunea, udalen kopuruari dagokionez.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Gaur bozkatuko du Lakuntzako Udalak UEMAko kide izatea

Gaur bozkatuko du Lakuntzako Udalak UEMAko kide izatea