Borrar
Jaione Camborda zinema gidoigilea eta zinema zuzendaria da.
Artearen eta fisika kuantikoaren maiatza Tabakaleran
Donostia

Artearen eta fisika kuantikoaren maiatza Tabakaleran

Guggenheim Bilbao Museoarekin lankidetzan, Ikuspegi kuantikoak programa EAEko beste erakunde kultural batzuetara zabalduko da publiko berriengana iristeko

A. Mariezkurrena

Donostia

Domingo, 27 de abril 2025, 18:48

Maiatzean, Tabakalerak jardueren programa publiko zabala eskainiko du Ikuspegi kuantikoak erakusketaren inguruan; arte garaikidea eta fisika kuantikoa diziplina anitzeko ikuspegi batetik lotzen dituen proposamena. Programa honek Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren laguntza estrategikoa du, eta Euskal Autonomia Erkidegoko beste erakunde kultural batzuetara zabaltzen da, besteak beste, Guggenheim Bilbao Museora. Horrela, Donostiatik harago doa erakusketa-proiektu honen irismena.

Izan ere, Guggenheim Bilbao Museoarekiko lankidetza da programa honen funtsezko osagaietako bat. Maiatzaren 4an, igandea, 6 eta 10 urte bitarteko haurrak dituzten familientzako tailerra emango da museoan. Maushaus kolektiboak gidatuko du tailerra, artea, zientzia eta teknologia uztartuta hezkuntza-esperientzien sorkuntzan adituak. Tailerraren helburua da txikienak fisika kuantikoaren oinarrizko kontzeptuetan murgiltzea, jolasaren, irudimenaren eta sormen-esplorazioaren bidez.

Maiatzaren 6an, asteartea, Artearen eta zientziaren arteko elkarrizketak mahai-ingurua izango da Guggenheimen. Bertan, Ikuspegi kuantikoak erakusketaren komisario Mónica Bello, erakusketan parte hartzen duen Abelardo Gil-Fournier artista, eta Donostia International Physic Center-eko (DIPC) zuzendari Ricardo Díez Muiño izango dira parte hartzen. Topaketak gogoeta partekatua proposatzen du, fisika kuantikoaren printzipioek egungo praktika artistikoetan duten eraginaren eta arteak, aldi berean, zientzia ulertzeko irekitzen dituen bide berrien gainean.

Maiatzaren 8an, asteazkena, Karen Barad filosofo eta fisikariak zientziaren, filosofiaren eta feminismoaren arteko loturei buruzko hitzaldia emango du Tabakaleran. Kaliforniako Unibertsitateko (Santa Cruz) irakaslea, Barad ezaguna da fisika kuantikoa, azterlan feministak eta teoria kritikoa lkartzen dituen errealismo agentzialaren teoria garatzeagatik. «Meeting the Universe Halfway»-ren (2007) egilea da, erreferentziazko liburua, Susan Koppelman Award sariduna. Era berean, Bruno Latour eta John J. McDermott sariekin ere aintzatetsia izan da; sari horiek ikerketaren eta idazketaren bikaintasuna aitortzen dute filosofiarekin, gizarte-zientziekin eta etikarekin lotutako arloetan. Bere jardunak materiari eta ezagutzari buruzko begirada erabat irekia proposatzen du, fisika kuantikoaren irakurketa politiko eta afektibotik.

Mundu bat deskubritzeko

Maiatzaren 9an, osteguna, Tabakalerak hitzaldi hau hartuko du:100 urte fisika kuantikoan. Hau hasi besterik ez da egin. Rainer Blatt fisikariak emango du, arlo honetan ikertzaile gailenetakoa nazioartean eta atomoaren teletransportazioa lortzen lehena. Bere hitzaldian, Blattek errepasoa emango dio fisika kuantikoaren bilakaerari, hastapenetatik egungo aplikazioetaraino −GPSa, laserra eta transistoreak, besteak beste− eta konputazio kuantikoan egin berri diren garapenei buruz jardungo du. Egun horretan bertan, Blattek elkarrizketa batean parte hartuko du Jaione Camborda zinemagilearekin, Urrezko Maskorra irabazitakoa Donostia Zinemaldian. Elkarrizketa horretan, biek partekatuko dituzte errealitatea zinematik eta zientziatik ikertu, esperimentatu eta irudikatzeko moduei buruzko ikuspegiak. Aipatzekoa da Tabakalerako Ikuspegi kuantikoak erakusketan parte hartzen duela Cambordak DIPCrekin eta CERNekin lankidetzan garatutako instalazio batekin, non prozesu subatomikoen irakurketa sentsoriala eta poetikoa planteatzen duen.

Maiatzaren 17an, ostirala, Tabakaleran film laburren hautaketa bat proiektatuko da zuzendari berari, Jaione Cambordari, eskainitako Gutun Zurian, zentroak ematen duen Zinea eta Artea zikloaren barruan. Proiektatuko diren filmetako batzuk Johan van der Keuken, Herz Frank, Jessica Sarah Rinland eta Apichatpong Weerasethakul zinemagileenak dira, beste gai batzuen artean pertzepzioa, denbora eta esperientzia sentsoriala esploratzen dituztenak.

Maiatzaren 30ean, osteguna, José Luis Crespo fisikari eta dibulgatzaileak, Quantum Fracture kanalaren sortzaileak, Todo es cuántica hitzaldiarekin itxiko du hilabetea. Crespok azalduko du fisika kuantikoaren legeek nola eragiten duten gure eguneroko bizitzan eta nola ari diren aldatzen teknologia kuantiko berriak egungo mundua. Crespo, Madrilgo Fisika Teorikoaren Institutuko eta Órbita Laika telebista-programako ohiko kolaboratzailea, dibulgazio zientifikoaren ahots ezagunenetako bat da gaztelaniaren eremuan.

Bestetik, hilean zehar Tabakalerak eskainiko dituen jardueren artean daude bisita solasaldiak erakusketara, arte garaikidera hurbiltzeko Arte-Makina ikastaroko saioak, eta Zirkulu kuantikoa diziplinarteko topaketa, egun fisika kuantikoaren irismen filosofiko eta politikoari buruzko pentsamendua partekatzeko espazioa.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Artearen eta fisika kuantikoaren maiatza Tabakaleran