Borrar
Maite López Las Heras bere azkenengo hiru liburuekin. SARA UTRERA
Azkoitia

«'Amatu' behaketatik sortutako liburu bat da»

Maite López Las Heras | Idazle eta poeta ·

Azkoitiarrak hiru lan argitaratu ditu azken urte honetan; 'Amatu' bere jaioterrian aurkeztu du

SARA UTRERA

Sábado, 17 de diciembre 2022, 22:27

Maite López Las Heras (Azkoitia) filologia klasikoan lizentziatua da; irakaslea, idazlea, itzultzailea eta poeta da. Dagoeneko bost lan argitaratu ditu: 'Pienso, luego escribo'; 'Safo, poesia guztia', 'Poetandreak literatura greko-latindarrean'; 'Ibilbidea' eta 'Amatu', Azkoitiko Amaitz liburu-dendan aurkeztu duena.

–Euskarazko zure lehen saiakera da 'Amatu', amatasunari buruzko gogoeta bat. Zer galdera motari buruz aurkituko ditu erantzunak irakurleak?

–Berez ez da erantzunak emateko liburu bat. Nire barne kezketatik sortu zen, gehienbat, eta amatasunari buruz orokorrean. Amatasuna bera baino gehiago, amatasun hitzari buruz hitz egiten dut. Hau da, noiz amatzen da emakume bat? Zer aldatzen da emakume batengan ama bihurtzen denean? Amatzea eta maitatzea hiztegi aldetik sinonimoak diren heinean, hala al da? Horrelako galderak planteatzen eta horiek garatzen ditut. Ez nire amatasunari buruz, baizik eta amatasuna gizartean nola ikusten den.

–Nola eta noiz sortu zen 'Amatu' ideia? Zer helbururekin?

–Nire barne kezka horiek idazten hasi nintzen, inolako argitaratzeko helbururik gabe. Aurrera joan ahala liburu forma hartzen ari zela ikusi nuen eta egitura bat planteatu nuen. Hasieran, niretzako izango zen gauza bat izan behar zuen, hemendik urte batzuetara berriz irakurtzeko eta garai horretan zer pentsatzen nuen eta zer aldatu den ikusteko. Baina barne kezka horiek partekatzeko beharra sortu zitzaidan. Amatasuna guztion kezka dela ere jabetu nintzen hainbat emakumerekin hitz egin ostean. Ohartu nintzen urteetan zehar klitxe asko errepikatzen direla eta ez ditugula aldatzen, askotan ematen direla aholku itxura asko, sarritan ez direnak hain aholku eskatu gabekoak izaten direlako. Jokabide asko aztertu nituen: nola jokatzen dugun ama baten aurrean, umeari buruz bakarrik hitz egiten dugun, ama bezala bakarrik ikusten dugun... Helburua hasieratik bukaerara aldatu egin zen.

Liburua

«Nire bizipenetatik idatzita dago, baina ez da nahitaez nire amatasun konkretuari buruz»

–Esperientziatik idatzita dago orduan. Terapia moduko bat izan dela esango zenuke?

–Ez dut terapia moduan bizi. Behaketatik sortutako liburu bat da, jokabideak behatu eta horiek garatu ditut. Batzuetan saiatu naiz umoretik idazten, eta ironia erabili dut ere. Amatasunaren hainbat erpin, berez garratzak izan daitezkeenak, pixka bat goxotzen saiatu naiz umore puntu horrekin. Esperientziatik idatzita dago, lehenengo pertsonan, beraz, saiakera edo kronika dela esango genuke. Nire bizipenetatik idatzita dago, baina ez nahitaez nire amatasun konkretuari buruz, ez dira eta nire bizipenak bakarrik. Askotan errepikatzen diren gertaerak dira, nahiz eta neuri zuzenean ez gertatu.

–Zer egoera mota planteatzen dira liburuan?

–Liburua bi zatitan banatuta dago. Banaketa hori egiteko umea jaio aurretik eta jaio ondoren erabili dut, Kristo Aurretik eta Kristo Ondoren banatzen dugun bezala gizarteko gertaerak kronologikoki kokatzerako. Atal bakoitzak ditu bere ezaugarriak: bata da emakume horrek haurdunaldia bizi duenean; haurdun dagoela jakin duenean baina ingurukoak oraindik ez dakitenean, nola jokatzen duen eta zergatik ezin duen esan oraindik badaezpada; zerk eraman duen emakume hori ama izatera... Ondoren, umearen zaintza: bularra eman edo ez eman; lanera bueltatu edo ez bueltatu; gure umeak nola hazten ditugun; lagunarteko erlazioak zenbat aldatzen diren. Gauza bat da ikusten duguna eta erakusten duguna, bestea bizi duguna.

–Gaia kontuan hartuta, badirudi 'Amatu' etorkizuneko amei edo jada guraso direnei zuzenduta dagoela. Uste duzu publiko zabalago batera irits daitekeela?

–Ez da amei buruzko liburu bat amentzat, baizik eta ama direnak, ez direnak, izango direnak, ez direnak, aita direnak eta ez direnak... Edonork irakurtzeko modukoa dela iruditzen zait, amatasuna denon ardura delako. Amatasuna bera zaintzarekin lotuta dago, baina ez gara jabetzen ama hori nork zaintzen duen.

–'Zu non, han da' ekimenaren baitan aurkeztu da 'Amatu' liburua Azkoitian.

–Durangoko Azokaren ondoren herriko liburudendak sustatzea proposatu digute, jendea ezagutzeko eta han ere liburuen salmenta gertatzeko. Hori dela eta, aste honetan Aritz Gorrotxategirekin bere 'Uda betea' poesia liburuaren aurkezpenean izan naiz Elgoibarko Pitxuntxu dendan, eta ostiralean nire 'Amatu' lanarekin Azkoitiko Amaitz liburudendan. Momentuz ez daukat beste datarik, baina prest egongo nintzateke beste edozein liburudendatan aurkezpen bat egiteko, irakurleekin egotea gustuko dudalako eta liburu dendak maite ditudalako.

Hurrengo proiektua

«Gozatzen ari naiz. Asmoa itzultzen eta idazten jarraitzea da, honek betetzen nauelako»

–Aurten hiru liburu kaleratu dituzu. 'Poetandreak. Literatura greko-latindarrean' antologia poetikoa, esaterako.

–'Poetandreak. Literatura greko-latindarrean' Balea Zuria argitaletxearekin argitaratu dut. Emakumeek latinez eta grekoz idatzitako poesia euskaratu dut. Antologia bat da eta bultzatu nahi izan ditut emakume idazleak, garai klasikoan grekoz eta latinez idazten zutenak. Klasikoan gertatzen da beti berdinak errepikatzen ditugula, ezagutzen ditugu Virgilio, Homero, Horacio... baina emakumerik ez. Bultzada bat eman nahi izan diet emakume horiei existitu zirelako, gutxi iritsi bazaizkigu ere, horiek azaleratu egin behar direla uste dut. 'Poetandre' nik neuk asmatutako hitz bat da, hor lotu nahi izan dut 'poeta' eta 'andrea', izenburuan bertan liburuan agertzen direnak emakumeak soilik direla islatzeko, emakumeak eta poetak dira aldi berean. Ez nuen hitz konposatu bat nahi, poeta hitza bera etimologikoki hitz maskulinoa da, gainera, eta horregatik hitz-joko bat egin nahi nuen.

–'Ibilbidea' aurtengo zure hirugarren lana da, latinetik euskararako itzulpena.

–Egeriaren 'Ibilbidea' Durangoko Azokan aurkeztu nuen. Egeria Iberiar penintsulako lehenengo emakume idazlea da, lehenengo pertsonan idatzi zuen bere bidaiaren kronika. Gallaecia probintziatik Jerusalemera, mundu osoa korritu zuen eta berak eskutitzak bidaltzen zien etxean edo aberrian geratu ziren bere neska lagunei. 381. urtetik 384. urtera bitarteko etapa iritsi zaigu, eta ez osorik gainera, baina iritsi zaiguna euskaratu egin dut. Egeria ezaguna da, erdal hizkuntza askotara itzulia dago eta nik nahi nuen euskaraz ere irakurtzeko aukera izatea. Ezagutu beharreko pertsonaia dela uste dut, lehenengo emakumea izateagatik eta gainera epistola forma aukeratu zuelako bere idazketarako. Eta ez hori bakarrik, baita ere genero literario baten aitzindari bilakatu zelako, abenturazko kronikaren eta narrazioaren aitzindari. Bidaiaren nondik norakoak kontatzen ditu, gorabeherak, zailtasunak, zer ikusten duen... Oso testu interesgarria da eta orain euskaraz daukagu Testu Zaharrak argitaletxeari esker.

–Nola iritsi zitzaizun proiektua?

–Orain arte egindako itzulpen guztien ideiak –'Safo', 'Poetandreak' eta 'Ibilbidea'– nire kabuz sortu dira. Nik nahi izan ditudalako, neure kabuz hasi nintzen itzultzen eta inori ezer esan gabe. Behin itzulpena aurreratuta neukanean, Testu Zaharrak argitaletxeari proposatu nion iruditzen zitzaidalako argitaletxe aproposa zela halako testu bat kaleratzeko, eta esperantza handirik gabe. Baina nire sorpresarako, eta orain arte gertatu zaidan beste bi itzulpenekin bezala, berehalako baiezkoa jaso nuen. Xabier Monasterio da editorea eta azaldu nionean zein zen Egeria eta zertan nenbilen eta testuaren garrantzia azaldu nionean, argi eta garbi ikusi zuen merezi zuela argitaratzea.

–Gainera, Uxue Alberdik idatzi du hitzaurrea.

–Uxue Alberdiri proposatu nion ezaguna dudalako, eta berehala baietz esan zidan. Hitzaurrea berak ondu du, gero dator sarrera bat Egeriaren figura eta bere ibilbidea azaltzen dituena. Interesgarria da ere nola iritsi zaigun edo zein baldintzatan Egeriaren testua. IV. mendeko emakume bat dela kontutan hartuta eta bere testua XIX. mendean aurkitu dela jakinda. Hor urte pila bat daude Egeria ixilik egon dena, hori ere kontatzen dut sarrera luze xamar batean irakurleari testuingurua kokatzen laguntzeko. Laura Freijo bilbotar disenatzailearen ilustrazio batzuekin dago osatuta, gainera, eta horrek liburua gorpuzten du ere. Emaitzarekin oso-oso gustora gelditu naiz, oso edizio dotorea eta txukuna da.

–Baduzu proiekturen bat esku artean edo buruan bueltaka?

–Buruan bueltaka bat baino gehiago, baina denbora mugatua denez, burutik eskutara pasatzen da polikiago. Nahiago nuke azkarrago sortu eta askoz gehiago produzitu, baina denborak ez dit uzten. Esku artean proiektutxo batekin banabil, ez dakit zertan bihurtuko den. Oso lan desberdina da, ez du zerikusirik. Ikerketa lan asko eskatzen didana da, nahiz eta esfortzu eta ordu asko eskatzen duen lana izan, pozik nago, eta ez dakit aterako den, momentuz gozatzen ari naiz egiten ari naizenekin. Asmoa itzultzen eta idazten jarraitzea da, honek betetzen nauelako.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «'Amatu' behaketatik sortutako liburu bat da»

Azkoitia: «'Amatu' behaketatik sortutako liburu bat da»