Borrar
Dantzariak erakusketaren inaugurazioan. S.U.

Zumaia

'Itzalpeko Emakumeak' zabaldu da

Erakusketa martxoaren 26ra bitartean ikusi ahal izango da Oxford aretoan eta bisita gidatuak ere eskainiko dira

Sábado, 4 de marzo 2023, 22:54

'Itzalpeko Emakumeak' izeneko erakusketa zabaldu zen atzo Alondegiko Oxford aretoan. XX. mendean errepresioa eta jazarpena jasan zituzten emakumeak dira erakusketako protagonista, eta martxoaren 26ra bitartean ikusi ahal izango da.

1931. urtean, Bigarren Errepublika aldarrikatu zenean, monarkiarik gabeko estatu baten alde agertu zen Zumaiako udalbatzak, eta Euskal Errepublikaren alde egin zuen. Orduko alkateak, Victoriano Arratek, Hombrados Oñatibia margolariari koadro bat enkargatu zion. Margolanean Gernikako Batzarretxean 1601ean egindako foruen bilkura agertuko zen, baina xehetasun berezi batzuekin: emakume bat irudikatzea Zumaiako ikurra soinean zuela. 1932an zintzilikatu zuten udaletxean, baina 1977an, Francoren irudi batek ordezkatu zuen. 40 urtez bere kokalekutik kanpo egon zen, galduta, Francoren koadro baten atzealdean ezkutatuta zegoela ohartu ziren arte.

Atzo, koadro horretako emakumeak bizia hartu zuen eta bisita gidatua eskaini zien erakusketa aretora hurbildu ziren bizilagun guztiei. Aurretik, dantzak eta bertsoak eskaini ziren, eta ondoren, Iñaki Ostolaza alkatea; Joseba Esnal, Erkibe Kultur Elkarteko ordezkaria; eta Belen Ibarrola erakusketako komisarioak hitz batzuk eskaini eta eskerrak eman zizkien bisitariei.

Aitzindariak omentzea

Bigarren Errepublikaren etorrerak aurrerapen handiak ekarri zituen emakumeentzat. Baina 1936ko uztailaren 18an Francoren estatu kolpearekin eta ondorengo gerrarekin atzerakada handia pairatu zuten emakumeek, eta Bigarren Errepublikaren aurreko egoerara itzuli ziren, ordura arte emakumeek erabakitzeko zuten ahalmena desagerraraziz. Gerraren eta diktaduraren ondorioz, etxeko zulora sartu behar izan zuten emakume gehienek. Horien guztien artean, badira euren esparruan aitzindariak izan zirenak, 'abangoardia' izan zirenak, euren ideia politiko eta sozialekin erabat konprometitu ziren emakumeak. Hala, 'Itzalpeko emakumeak' erakusketaren helburua da XX. mendean errepresioa eta jazarpena pairatu zuten emakume aitzindariak ezagutarazi eta omentzea.

Zumaian baditugu adibide batzuk. Horregatik, antolatzaileek aukera aprobetxatu dute erakusketa osatu eta Zumaiako emakume aitzindariei aitortza egiteko moldatu dute. Horiek horrela, erakusketaren barruan herriko emakume aitzindarien txoko berezia sortu dute, eta bertan agertzen dira: Julene Azpeitia; Mairin Mitchel; Margarit, Miren eta Maitane Trueba ahizpak; Balendiñe Albizu; Inaxi Etxabe; Maria Dolores Arana eta Elbira Zipitria.

«Emakume horiek itzalpetik argitara ekarri nahi ditugu. Erakusketaren erdigunean Zumaiako zazpi emakume daude, kultur arloan, politikagintzan edo euskararen alde egindako lanagatik ezagunak izan ziren emakumeak. Eguneroko borroka, txiki eta handia, aurrera eraman zituzten emakumeak ere gogoan izan nahi ditugu. Ziur gaude gehiago egongo direla, ziur makina kasu ditugula gure inguruan, etxe askotan eredugarri izan zirelako emakumeak, diktaduraren menpekotasunari eta patriarkatuaren inposizioari erresistentziaz eta duintasunez aurre egin zietenak», azaldu zuen alkateak. Horrez gain, herritarrek garai hartako oroitzapenak eta bizipenak idazteko aretoan txoko bat dagoela gogoratu zuen, eta horrela Zumaiako memoria historikoa osatzen laguntzeko. «Asko izan dira historian zehar isilarazitako emakumeak. Erakusketa honekin argitara atera nahi izan ditugu egindako lan guztia aitortza xume bat egiteko. Gure konpromisoa da horrelako ekimen gehiago bultzatzen eta sustatzen laguntzea».

Belen Ibarrolak, aldiz, erakusketa hau posible izateko, modu batera edo bestera lagundu dutenei eskerrak eman zizkien. Komisarioak 'Itzalpeko emakumeak' posible egiteko egindako prozesua azaldu zuen, eta erakusketaren helburua «emakume hauek egindako lana balorean jartzea» dela esan zuen.

Joseba Esnalek, bere aldetik, gogoratu zuen 25 urte igaro direla Erkibe Kultur Elkartetik memoria historikori hasiera emateko datuak eta informazioa biltzeko lanak hasi zituenetik. «Harrezkero, dokumentalak, erakusketak, hitzaldiak... egin ditugu. Urteotan frogatu da mota honetako lanak egitea ez dela alferrikakoa. Askotan gizona izan da protagonista, horregatik, erakusketa honetarako emakumeak jarri nahi izan ditugu erdigunean, 'itzalpean' zeudenak ekarri nahi izan ditugu», azaldu zuen Esnalek, Hombrados Oñatibiak margotutako koadroaren historia azaldu eta bisita gidatuari hasiera eman aurretik.

Erakusketa informatiboak, argazkiak, tropa frankistengatik 1937ko otsailean 252 zumaiar kanporatuak izan zireneko argazkiak, dokumentuak, arropa, maleta, bizikleta, panpina... eta garaiko material ezberdinez beteta dago, baita ikus-entzunezko piezaz ere. Gelaren Karmelahoz artistaren horma irudi bat dago ere, emakume izateagatik isildutako XX. mendeko euskal emakume guztiei egindako omenaldia dena. Artistak azaldu zuenenez, Tabakaleran hasitako pieza da eta Euskal Herriko hainbat lekutan egingo diren erakustaldi guztietan osatuko da. Beraz, sortze prozesuan dagoen obra bat dela adierazi zuen, «ikusleak haren bilakaera ikus dezan».

Bisita gidatuak

Beste bi bisita gidatu izango dira: lehena martxoaren 11an (larunbata), 12:00etan; bigarren saioa hilaren 15ean (asteazkena) egingo da, 18:30ean. Bi saio horietan parte hartzeko ezinbestekoa izango da aurrez izena ematea. Horretarako, bihartik aurrera [email protected] emailera mezua bidali beharko da.

Informazioaren bila

Horrez gaiz, Aranzadirekin egiten ari diren lana azaltzeko aprobetxatu zuen Iñaki Ostolazak. «2019an argitaratutako ikerketatik abiatuta, 1936-1945 bitarteko biktima guztiak sailkatu ziren orduan. Orain, 1945-1959 bitartean errepresio frankistaren biktimak izan ziren zumaiarrak identifikatzeko lanari ekin diogu», zaldu zuen. Horregatik, errepresio frankista jasan zuten zumaiarren inguruko informazio bila ari dira. Aranzadi fundazioaren eskutik egingo du lana Udalak, eta bi bide zehaztu dituzte informazioa jasotzeko: [email protected] emaila eta 943 46 61 42 telefono zenbakia.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco 'Itzalpeko Emakumeak' zabaldu da

'Itzalpeko Emakumeak' zabaldu da