
Secciones
Servicios
Destacamos
felix ibargutxi
Lunes, 30 de noviembre 2015, 10:06
Bernardo Atxaga Asteasun jaio zen, 1951n. Bere lehenengo hamahiru urteak hantxe eman zituen. Gero Andoaina aldatu zen familia. Idazleak esan izan du Obaba «lehengo Asteasu» hura dela, ez bere txikitako herria, baizik eta urte batzuk lehenagokoa, ahozkotasuna nagusi zen garaia, alegia.
Orain, Obabakoak publikatu eta handik 27 urtera, idazleak Muskerraren bidea diseinatu du. Bisitariari proposatzen zaio ibilaldi fisiko eta aldi berean emozional bat egitea. Geldialdi batzuk daude, bakoitza bere arekin, non idatzizko argibide zenbait ez ezik, Atxagak berak egindako azalpen batzuk ere entzun daitezkeen.
Udaletxean egin berri duzun aurkezpenean, esan duzu Pello Errota asteasuarra dela, eta atentzioa eman didan kontu bat ere bai: garai batean, bertsolariek zentsura soziala egiten zutela.
Zernahiz hitz egiten dugunean, alde kronologikoa funtsezkoa da, eta bertsolaritzaz hitz egiten dugunean halako lerro bat, halako pitzadura bat dugu gerra aurreko eta gerra ondorengoaren artean. Gerra baino pixka bat lehentxeago, Aitzolek, Hernandorenak-eta mugimendu bat sortu zuten, eta bertsolaritzak balio politiko bat hartu zuen. Hori baino lehenago besteak beste, bertsolariek erabiltzen zuten hizkuntza mordoiloagatik bertsolaritzak ez zuen inongo balio politikorik. Zer zen aurrez? Orduko gizarte tradizionalari lotutako bertsolaritza zen, non bazeuden zentsura egiteko modu oso antzinakoak, esate baterako zintzarrotsak edo xaribariak zeuden. Oreka soziala kolokan jar-tzen zuen zerbait gertatu ezkero, segituan zetorren zentsura soziala.
Adibidez?
Bada, adibidez agure bat neska gazte batekin ezkontzen bazen, hurrengo goizean atarian zeuzkan zintzarrotsak. Hor zigor bat zegoen. Zer esanik ez, Elizak ere zentsura soziala ezartzen zuen. Eta bertsolariak zer ziren? Bada, zentsura horren egileak, zentsura gauzatzen zutenak. Hemen, zerbait nabarmena egin ezkero, adibidez modu nabarmenean jantzi ezkero, segituan entzun beharko zenuen: bertsoak aterako dizkizute!
Esan Obabakoak liburuaren portadetan noiz hasi zen agertzen muskerraren irudia. Zeren lehenengo azalean Arriaga antzokia agertzen baitzen.
Laster etorri zen hori. Gaztelaniaz atera nuenean, Ediciones B-n, oso portada polita egin zidaten, eta hortxe azaldu zen lehen aldiz muskerra. Eta handik aurrera, ia denek erabili dute animalia horren irudia. Israel izan da salbuespena, orain gogoratzen naizela. Bai, liburuaren ikono bihurtu da muskerra.
Orain egin duzun Muskerraren bidea liburuko argazki honetan eskolako urteroko talde-argazkia zu zeu zaude, Joxe Arregi dago baita ere poliziak torturatuta hildakoa... eta gainerantzeko batzuek badute nolabaiteko presentzia Obabakoak hartan, ezta?
Nik lagunak esaten dudanean, beti dauzkat gogoan Lontxo Usandizaga, Jose Luis Elizegi bigarren hau Pello Errotaren familiakoa eta esan behar dizut antz ematen zaiola; oso hiztun egokia da. Baita ere Esteban, Juanito Ureta
Denbora behar izan duzu Asteasura, Obabara itzultzeko. Ez zen erraza izango.
Zalantzarik gabe.
Izan ere, aspaldi hartan alde egin nahi izan zenuen eta Bilbora joan zinen. Gerora , oso gerora etorri zara Asteasura.
Ondoena Manu Leginetxek esan zidan. Bere liburu bat aurkeztu zuen, eta esan zidan norberaren etxera itzultzeko bide motxena munduari buelta ematea dela. Noiz ulertzen dugu bizitza?; etorreran, bueltatutakoan, ez aurreneko pausoa eman genuenean. Bere aitaz ari da Leginetxe liburuan, eta esaten du: hark, bizitza ezagutzen zuen bizitzari buelta bat eman gabe. Nire kasuan ere halaxe da: aurrena, ukazioa izan zen, zeren iruditzen zaizu mundu handia Bilbo-eta askoz erakargarriagoa dela. Eta gero hasten zara gogoeta egiten eta gauzak behar bezala ulertzera iristen, eta azkenean onartzen.
Badakigu herri txikian nolakoa den jendea. Besteak beste, kontrol handiko tokiak dira, eta horrela bueltatzen gara lehen aipatutako zentsura sozialaren kontu horretara.
Bai, herri txikia oso toki kontrolatua da. Orain atera dudan liburuan ere aipatzen dut nola Estatu Batuetako nobela batean azaltzen den XVII. mendeko emakume baten kasua. Nobela hori The Scarlet Letter da, eta kontua da emakume adulteroek A gorri bat eraman beharra zeukatela kolkoan. Pentsa! Hirurehun urte geroago, Euskal Herrian, baltsean dantza egiten zuten neskak bota egiten zituzten Mariaren Alaben kongregaziotik, eta kendu egiten zieten zinta zuri-urdina. Zinta hura gabe, lotsagarri gelditzen ziren. Kontrolaren alde horretatik, Euskal Herria berezia izan da: gure garaian diktadura politikoa zegoen, baina diktadura erlijiosoa ere bai. Behar zen indarra hartu, nik indarra hartu nuen, ulertu nuen egoera eta gero herrira itzuli. Baina hasieran, apurtu egin nahi duzu lehengo herri horrekin, mundu horrekin, eta literaturan ere abangoardiara pasa nintzen.
Muskerraren bidea aurkeztean, esan duzu Asteasu herri bakana dela, eta, Eibar aldekoek, adibidez, ez dakitela Asteasu zer izan den.
Esan nahi nuen, adibidez, jendeak ez duela jakin izan segaren inguruko apustuen balioa eta garrantzia neurtzen. Gure segalari handi batek, Juan Jose Irazustak, esan zuena aspaldiko Argia batean: segarako afizioa, Asteasu, Aia, Zizurkilen zegoen, Ernio buelta horretan, alegia. Zergatik? «Ohitura kontua izango da», zioen berak.
Bueltatu gaitezen Eibar aldera. Duela gutxi Eibarko Astelena frontoiari buruzko artikulua plazaratu duzu Erlea aldizkarian.
Bai, azkeneko Erlea frontoiei buruz eta astronautei buruz osatu dugu. Bidaia egin nuen Astelena frontoi mitiko horretara, eta zer esango dut? Bada, Asteasuri buruz esandakoa: Eibar ere unibertso bat da. Harrigarria da: zergatik halako leku zoko batean halako sormena egon da? Pilotaz hitz egiteko, denak hango Armagintzaren Museoan bildu nituen. Han, museo hartan ikus daiteke zenbat gauza egin den herrri hartan, baita botilak irekitzeko sakakortxoak ere! Zenbat liburu idatz daitezkeen frontoiaren inguruan! Zorionez, bizi garen alde honetan, 50 kilometroko tartean oso unibertso desberdinak, eta interesgarriak, daude. Asteasukoa, Eibarkoa Beste modu batera esango dizut. Behin, oso gizon berezi batekin gertatu nintzen tren batean. Janzkera aldetik, faxista bat ematen zuen. Hasi hizketan eta segituan konturatu nintzen oso gizon eskolatua zela. Esan zidan Euskal Herriaren bereizgarri handienetako bat eguraldia dela, zeren ehun kilometrotan klima ia tropikala topa dezakezu, adibidez Gernika aldean, eta gero Nafarroa hegoaldean klima kontinentala.
Londresen izan zara berriki.
Bai, izan naiz Xolaren lau liburu atera direlako han. Sari bat eman zidaten, Marsh saria, eta sariak berekin zekarren astebete egitea Londresen , Childrens Books Show erakundeak antolatutako egonaldia, alegia. Antzokietan eta eskoletan egon naiz hizketan, eta jardun naiz Michael Rosen idazlearekin, Har-tza ehizatzera goaz-en egilearekin. Oso gizon atsegina da, ezkerreko sentsibilitatea dauka eta antzokian geundela zera esan zidan: irakurri nire liburu hau euskaraz (esan dizudan Hartza hori, eta gero umeei esango diegu errepikatzeko. Han bada pasarte bat, non esaten baita: ezin bagara joan belarraren gainetik, joango gara belarraren azpitik. Eta orduan, keinuaegin zuen berak, besoekin belarra zisti-zasta apartatzen aurrera egingo balu bezala. Orduan, ume british haiek denak han hasi ziren keinua errepikatzen. Eta gero, esperientzia izugarria izan da egon naizela Londreseko lau eskolatan, eta lau horietatik bi emigranteenak ziren. Bada, eskola haietako batean, umeei, gosaria eta bazkaria emateaz gain, baita ere lixiba egiten zieten. Ume haiei asko kostatzen zitzaien irribarre edo barre egitea. Eta, aldiz, beste eskola normal haietan, umeak denak barre batean!
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Todos los conciertos y festivales de este verano en Cantabria
El Diario Montañés
El motorista fallecido en Quintanilla de Trigueros es hermano del alcalde de Cigales
El Norte de Castilla
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.