
Secciones
Servicios
Destacamos
BIANDITZ IRAOLA
DONOSTIA.
Sábado, 16 de diciembre 2017
Egungo txapelduna finalera arte ez aritzeak dakarren ondorioa: zaila dela nola dagoen antza ematen. Zer ez du ondo egiten ordea? Ezaguna da, baita, Amets Arzallus Antiak duen lehiakortasuna, eta ez da egongo, noski, txapelgoa merke uzteko prest. Ikusmin handia sortuko du beste behin ere. Batez ere, orain hurrengo finalak izan zuen kalitatea kontutan hartuta. Aurten ere ez luke txapeletik urruti ibili behar.
Maialen Lujanbio Zugastik Irunen egin zuen saioa ez du erraz ahaztuko entzuleak, batez ere kartzelako lana. Batzuek historikotzat ikusi zuten; gehitxo izango da hori agian, baina txapel gosez dator. Faborito nagusitzat jo genezake, txapeldunak txapelketan kantatu ez duela kontutan hartuta. Neurtzearen exigentziak medio, plazan baino zurrunago kantatu ohi du, eta horrek publikoarekiko konexio falta eragiten du batzuetan. Ez da 'baina' garrantzitsua, ordea.
Ez da hausten duen bertsolaria, eta bertso bukaera gazi-gezak botatzen ditu askotan Aitor Mendiluze Gonzalezek. Baina bertsoa goitik behera argudioz janzten eta puntuak elkarrekin josten ez du parekorik. Eta hori da andoaindarraren dohain eta madarikazio handiena, hizketan bezala egiten duela bertsotan. Dohaina, hori egiten oso zaila delako. Madarikazioa, hain ondo eginda, lanik ez dagoela dirudielako. Gosez dator hau ere, eta bidean utziko du zer janik.
Dotorezia du Igor Elortza Aranoak ezaugarri nagusitzat, eta ideia freskoak plazaratu ohi ditu. Teknika inork ez bezala menderatzen du, eta horren adibide dira bakarkakorako hartzen dituen doinu bihurriak, errima hautsi eta guzti. Ofiziotarako, berriz, laguntzaile bikaina da. Aurten diskrezio handiagoko ibilera eraman du, baina funtsean ber-bera izaten jarraitzen du.
Txapelketa itzela egin du orain arte Sustrai Colina Acordarrementeriak, nahiz eta beste batzuen lanaren distirak bigarren plano batean utzi. Bereak ere izan du distira, baina ez besteenak adina oihartzen. Orain lau urte aldaketa bat nabaritu zitzaion, besteen arabera gutxiago kantatu zuen, berak ildoa markatzeko. Aurten ere berdin aritu da, eta kalitate handiz. Ofiziotan ari dela, edozein zirrikitutik sartu daiteke, eta txapela lortzeko bidean ere bila lezake besteren bat. Argi bere jardunari.
Aitor Sarriegi Galparsoro bertsolari sendoa da, edozein motatako saioan entzuleari, kantu-lagunari, gaiari... neurria inork gutxik bezala hartzen dio. Horri esker lagun paregabea izan ohi da ofiziotan, eta bakarka inork ez bezalako istorioak josten asmatu du aurten ere. Iruñeko saioa irabazita, konfiantzaz beterik plazaratuko da, ezer galtzekorik ez.
Estilo aldaketa txiki batekin plazaratu da aurten txapelketara Beñat Gaztelumendi Arandia. Gai eta egoera konkretuetatik abiatu eta ideia unibertsal eta abstraktoak erabiltzeko joera izan du normalean, baina aurten joera hori bestaldera eraman du. Lehen zale zuen entzuleari ohitzea eskatu dio honek, baina badirudi lehen iristen ez zen jendearengana errazago iristea ere lortu duela.
Orain lau urte atarian geratu zen Unai Agirre Goia, puntutan berdinduta, eta aurten kale edo bale atera da txapelketan. Ausart, berea duen kantaeran aritu da, eta entzulearengana inoiz ez bezala iritsi da. Usadio zaharreko bertsokera du hernaniarrak, eta entzuleak asko estimatzen du. Bizia, erantzun zuzen eta azkarrekoa, erritmoari garrantzia ematen diona. Lehen aldiz finalean izateak eragina izaten du, baina ez dirudi hernaniarra kikilduko denik.
Txapelketa hotza izan da aurtengoa, gutxitan jo du goia, eta ofizio gutxitan ibili dira bertsolariak elkarrizketan. Irungo saioak izan zuen mamirik, beste edozein saiok baino gehiago, baina han ez zen Maialen Lujanbioren kartzelakoa bakarrik izan. Zer esan handia ekarri zuen, besteen lana ezkutatzeraino, baina ez kalitate faltagatik. Adibidez, Maddalen Arzallusen eta Aitor Sarriegiren kartzelakoak ere ondo bikainak izan ziren. Eta zer esanik ez Unai Agirrerena eta Aimar Karrikarena zortziko txikian. Elkarri entzunez, elkarri erantzunez, bizi eta zorrotz. Geroz eta gehiago kostatzen da horrelako lanak entzutea.
Bestalde, txapelketaren presioaren aurrean zein jarrera, ondorioa ere halakoa. Galbahe estua, eta nor nora eta nola iritsiko gehiegi. Alegia, aurrera egiteko moduko bertsolari gehiegi, eta aurrera egin ahal izateko leku gutxiegi. Arriskua hartu ala ez hartu baino gehiago, jarrera kontua nabarmenagoa izan da, agian.
Bertsolari batzuk euren mailaz azpitik ibiltzera eraman ditu presioak, eta beste batzuk eurengandik espero zena ahaztu, eta bertsotan egitera plazaratu dira. Bakoitzak jakingo du nola bizi izan duen prozesu hori, baina entzulearen lekuan jarrita, eskertzekoa izan da ausardia hori. Gauzak horrela, kalitate handiagoa eman diote askotan txapelketari teorian apalagoak ziren bertsolariek, izena zutenek baino. Horrek berritasuna esan nahi du, eta berritasunak etorkizuna.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.