Borrar
Maddalen Arzallus eta Maialen Lujanbio.

Ver fotos

Maddalen Arzallus eta Maialen Lujanbio. F. DE LA HERA

Indarrez sartu da Maialen Lujanbio txapelketan

Irungo saioa hotz hasi zen, baina goraka egin zuen aurrera joan ahala eta, azkenean, ale gogoangarriak utzi zituen

BIANDITZ IRAOLA

Irun

Jueves, 2 de noviembre 2017

Bazeukan entzuleak txapeldun ohia entzuteko gogoa, eta indarrez hasi da Maialen Lujanbio txapelketan. Atzo bikain aritu zen arratsalde osoan,Irungo Artalekun egin zen finalaurrean, eta goia jo zuen kartzelako lanean, txalo beroenak jasoz. Saioa hotz hasi zen, baina goian bukatu zen. Hain justu, kartzelako lanean, gai honi ekin behar izan ziotenean: «Dena ondo zihoan, argia piztu den arte».

Sexu jardunari heldu zieten bostetik sei bertsolarik, plazerra eta konplejuak plazaratuz. Arzallus izan zen lehena abesten: «Ez da errexa besteen aurrean erropa denak kentzea / ez da errexa gure barruan ustez duguna saltzea / ispiluari begira sarri egin ohi dut balantzea / ez zait gustatzen nere aurrea ta gutxiago atzea / ta nahiko nuke gaurkoa ahaztu eta lanari heltzea / urte askotako lana delako konpleju denak galtzea». Aitor Sarriegiri, berriz, ama agertu zitzaion gelan: «Ta atean noski ama, ezin zen izan bestela / ezerezean geratu zaigu ahalegin ustela / horrelakoetan nola sentitzen det bat txepela / nik uste nuen builaka bertantxe hasiko zela / ta bapatean esan dit inoiz entzun ez bezela / gaur sorpresarik ez Aitor, gauzak behar dik horrela / eta esan dit kondoiak mesanotxean daudela / gazteak zarete eta gozatu dezazuela».

Esan bezala, Maialen Lujanbioren lanak jaso zuen txalo zaparrada handiena. Gerriz behera ez zuen ohekideak uste zuena: «Estali arte izan dugunak nahiko irri nahiko broma / ahorik aho pasa dugunak gintonic barruko horma / bular parea zut neukan eta zuk eman didazu forma / galtza estuak nebilzkin arren ez takoi eta ez gona / hau ta hura hartzen ari naiz zenbait botika hormona / gizona eta andrea nauzu ez andrea ez gizona / nere inon ez egon nahia ote da zure ezinegona». Eta, esan bezala, arratsaldeko bertso txalotuenarekin bukatu zuen: «Gizarte honen estereotipo ta gizarte honen usten / tranpan zu ari zera erortzen eta hori ez dizut uzten / zuk badakizu nola zizelka eta marraztu gaituzten / ze inporta du gaur ari banaiz zure aurrean biluzten / eta neroni ni neu naizena hori bakarrik gorpuzten / nere gerripe zintzilikako desira ari da puzten / itzali zazu argia eta utzi azalari ikusten».

Umorea ere bai

Umorea eta ziria ere izan zuen saioak, ordea. Zortziko txikian Aimar Karrika Unai Agirreren jatetxean kokatu zuen gai-jartzaileak. Plater bat gustatu ez, eta kexatu. Agirrek beste bat ekarri zion, baina gero fakturan biak sartu. «Lehenik pasatu xamar zen zure txistorra / ta bigarrena ere ai nahiko gogorra / faktura ikusita ohartu naiz horra / txistorra zinez dela errepikakorra», hasi zen kexuka Karrika, baina Agirrerentzat ñabardura kontua besterik ez zen: «Hemen txistorrak badik bere garrantzia / ez dek normala neri jarriaken trantzia / eztek gauza berdina ez izan ahantzia / txarra egotia ta hiri ez gustatzia».

Atzoko lehen bi sailkatuak ere batera aritu ziren lan honetan. Bizilagunak ziren, eta Sarriegi egunero joaten zen Lujanbiorenera zerbaiten eskean. Oraingoan, zerbait inprimatzera: «Beraz orain tonerra joño ez da broma / bestela gatz, olio, butano bonbona / ez zaizu asko gustatzen zuri Mercadona / hementxe daukazau ta merkea ta ona». Sarriegik «zuk baldin badaukazu zertako erosi» bota zion, eta Lujanbiok atzera: «inpresoraren tinta hementxe dukazu / ta erostekoen lista inprima ezazu». Eskatzera joandakoak ez zuen larritasun handirik, ordea: «Gaurkoa bakarrik zen kasualitatea / biok lagunak gera atean atea / baina kostatzen zaizu sarri ematea / bizilagunena da komunitatea».

Lehendik zeuden Irungo Artalekurako sarrera guztiak salduta, eta ez zen leihatilik zabaldu. Guztira 2.260 entzule bildu ziren.

Azkenean, honela gelditu zen sailkapena:

1. Maialen Lujanbio, 750

2. Aitor Sarriegi, 705

3. Unai Agirre, 667,5

4. Alaia Martin, 651

5. Maddalen Arzallus, 634,5

6. Aimar Karrika 605,

Hurrengo saioa Maule-Lextarren izango da. Beñat Gaztelumendi, Beñat Iguaran, Etxahun Lekue, Julio Soto, Nerea Elustondo eta Nerea Ibarzabal dira oholtzara igoko diren sei bertsolariak.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Indarrez sartu da Maialen Lujanbio txapelketan