
Secciones
Servicios
Destacamos
nerea azurmendi
Martes, 24 de mayo 2022
Munduari emandako lehen biraren 500. urteurrenak gertaera haren inguruko lan andana ekarri du. Aniztasuna ere bai interpretazioen eta irakurketen aldetik. Joseba Sarrionandiarena heldu berri da: 'Munduari bira eman zion ontzia' liburua, Arístides Esteban Hernández 'Ares' ilustratzaile kubatarrarekin lankidetzan osatu duena. Asteartea goizean aurkeztu da Donostiako San Telmo museoan, eta arratsaldean Getarian egin den ekitaldi irekian.
Pamiela argitaletxeak Elkano Fundazioaren laguntzarekin plazaratua, ipuin ilustratu gisa izan da aurkeztua. Elkarrizketa moduan emandako saiakeratzat ere har daiteke. Saiakeragile aparta den Sarrionandiaren hitzetan da, batik bat, «interpelazio bat kontakizunaren kontra, 'bainaz' betea». Hamabost ataletan, lehen mundubira eta horren ingurukoak kontatzen ditu liburuan, «benetako historia» entzun nahi duen neskato baten eta Historia irakaslea den amonaren arteko solasaldia baliatuz.
Itsasaldiaz haragoko xehetasun ugarik dute tokia kontakizunean, irakurleek ikus eta uler dezaten zein testuingurutan, zein baldintzatzan, noren mesedetan eta noren kaltetan eman zitzaion aurrenekoz bira munduari, orain dela bost mende.
Liburuaren hartzaileak 12-15 bitarteko «heldu txikiak» dira. Haiei eskaini nahi izan dizkie euskarazko irakurgaiak Sarrionandiak, Euskal Herrira itzultzean ohartu delako berak euskara errekuperatzeko ahaleginak egin zituen adinean, oraingo nerabeek «errekuperatzen dutelako erdera ilusio itzelarekin». Etxepare Institutuaren laguntzaz gaztelaniara, galegora eta katalanera itzuliko den liburua, edonola ere, ezein irakurleri ez zaio geratuko motz.
Elkanoren eta Magallaesen ardurapean abiatu zen espedizioko kideen eta inguruan zituzten denetariko pertsonaien ibileretatik asko dago liburuan. Joseba Sarrionandiaren ikuspegitik ere bai. Hain zuzen ere, idazle durangarrarentzat literatura «errealitatetzat saltzen digutena eta errelato historikoa kuestionatzeko» baliabidea den heinean, lan hau Elkanoren eta gainerakoen bidaia ikuspegi oso jakin batetik glosatu duen «errealismo kapitalistaren kontrako liburua» da.
Izan zitekeen bidaia harrigarri baten kronika hanpatua, edo flota europarren gehiegikeria eta krimenen salaketa. «Naufragio baten» kronika da, ordea. Horregatik, «humanidadearen historiaren metafora» ere izan daiteke.
Abiatu ziren 390 pertsonetatik 70ek bizirautea, eta sorterrira itzultzea soilik 21, «ez da bidaia heroiko bat, naufragio bat da». «Elkanoren bidaia ikus daiteke modu epiko batean, baina antz handiagoa du naufragio batekin», nabarmendu du idazleak . «Kapitalismoaren historia» ere naufragioa da harentzat, eta sozialismoarena, eta Euskal Herriarena...
Amonaren eta bilobaren arteko solasaldia ez da haatik ilun edo ezkorra. Bizia eta gozoa da bien arteko harremana, eta berriketaldia ere bide horretatik doa, gai serioak (arrazismoa, esplotazioa, botere-harremanak, matxismoa, kosmosaren misterioak...) eta arruntak (gorbatak, botoiak, harrikoa...), txandakatuz, umoreari uko egin gabe. XVI. mendea eta XXI.a nahasten dituzte etengabe, erakusteko hainbat arlotan, funtsezkoetan, gauzak ez direla gehiegi aldatu; ez behintzat gehiengoaren onerako.
Lehendik ere Sarrionandiarekin lan egindako Aresek (Habana, 1963) ez zekien askorik gaiaz proiektuan murgiltzean. Horrek eraman zuen asko irakurtzera, ikertzera, eta ikustera 'heroi' zuriak izan ezik gainerako pertsonaiak nolanahi izan direla irudikatuak, inolako zehaztasunik gabe. Alde horretatik, sekulako lana egin du nazioarteko sona duen marrazkilari kubatarrak, eta «intentzioz beteriko» 41 irudiak, oso ederrak izateaz gain, bat egiten dute testuarekin –ezusteko moduan, batzuetan–, «gogoeta sustatu eta irakurlea akuilatzeko orduan». Ion Irurzunen esanetan, horixe da Elkano Fundazioaren xedea: «Adin guztietako publikoen artean lehen zirkumnabigazioaren inguruko ezagutza eta hausnarketa sustatzea».
Pamiela argitaletxearen izenean Eli Irazuk nabarmendu duenez, «itsasoari begira bizi zen herri baten historiaren kapitulu harrigarri bat kontatzeaz gain, egungo munduko milaka arazo garrantzitsuren inguruan hausnartzera gonbidatzen gaitu liburuak». Edizioari dagokionez, jakinarazi du euskarazko 3.000 aleko inprimaketa egin dela hasieran.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.