
Secciones
Servicios
Destacamos
NEREA AZURMENDI
Miércoles, 16 de octubre 2019, 21:11
Urtetan gorde eta ondu ditu Bernardo Atxagak (Asteasu, 1951) 'Etxeak eta hilobiak' nobela osatzen duten sei atalen oinarrian dauden oroitzapen eta emozioak. Hor zeuden, lozorro modukoan, zerbaitek iratzarri eta, prozesu luze eta lantsu baten ondoren, idazleak istorio bilakatu dituen arte.
Bernardo Atxagak Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean aurkeztu du liburua, lagunez inguratuta. Haien aurrean gogoratu duen bezala, antzeko zerbait gertatu zitzaien Lev Tolstoiri edo Marcel Prousti. Kardulatz zapaldu bat ikusteak eraman zuen aurrenekoa 'Hadji Murat' idaztera; madalena usainak bigarrena 'Denbora galduaren bila' ('À la recherche du temps perdu') osatzera.
«Liburu denak horrela sortzen dira. Salbuespena dira komertzialak. Horiek kontu korrontearen lerroak ikusita sortzen dira», esan du 'Etxeak eta hilobiak'-ek sorrera azaltzean. «Mika batekin hasi zen dena orain dela 40 urte», alegia, Madrilen, El Pardoko kuartelean, soldadutza egiten ari zela. «Kartzela bat» zen kuartela, «gai unibertsalekin lotutako gune oso garrantzitsua».
Noticia Relacionada
Han ezagutu zituen «bakarturik bakartuenak, biolentziarik handienak». Berak bezala, mikak ere ikusten zituen horiek guztiak... 2015ean paperera eraman nahi izan zituen hango kontuak 'Francori cabrón deitu zion soldadua' ipuinean. 22 orrialde idatzita zeuzkanean ikusi zuen hegoak falta zitzaizkiola testuari, eta erortzen utzi zuen. Ekin zion berriro 2017an. Orduko hartan ere ez zuen lortu 44 orrialdetara heldutako kontakizunak aurrera egiteko gaitasun nahikoa. Mikak ikusten zituen bakoitzean, ordea, zor moduko horrekin akordatzen zen. Eta maiz ikusten dira mikak Atxaga bizi den Arabako Lautadan.
frantxis lópez de landatxe
Mikekin batera, baziren beste oroitzapen batzuk astintzen zituzten pizgarriak: usainak, objektuak, abestiak... Eta horien guztien atzean, kontatu beharrekoak. Atal bakoitzaren atzean, zain zegoen istorio edo pertsonaia bat. Atxagaren bizipen eta oroitzapenen arrastoa ere bai. «Ezin naiz ni izan, baina ni han nengoen» esaldia atal jakin bati dagokio, baina balio du kontatu duenarekiko distantzia finkatzeko.
Eta kontatu ditu azkena izatea nahi duen nobelan. Idazleak lehendik esana zeukana berretsi du agerraldian: bere desioa da «lan ikaragarria» eskatzen duen nobela gehiago ez idaztea eta aurrerantzean «beste alor batzuetan ibiltzea», nahiz eta onartu duen «artista autonomo» izateari lotutako arazo eta ziurgabetasunek ez dituztela errazten apustu horren arriskatuak.
Gaur-gaurkoz, dena den, hori du asmoa. Eta lehentasunezko egitekoa izan du aretoa bete duten entzuleei, baita irakurleei ere, 'Etxeak eta hilobiak'-en berri ematea. Aurkezpena liburua argitaratu duen Pamiela etxeko editore Pello Elzabururekin eta Frantxis López de Landatxerekin partekatu du. Elzaburuk esan duenaren arabera, «zerbait handia» jarri du mahai gainean Bernardo Atxagak oraingo honetan.
Hainbat urtez KMko zuzendari izandako López de Landatxek, Elzaburuk egindako balorazioarekin bat egiteaz gain, eleberriaren hainbat gako nabarmendu ditu: pertsonaiak zehazteko abilezia; oroimenak irudien bidez azaltzeko gaitasuna; denbora, eguraldia eta giroa islatzeko trebezia; idazkeraren erritmoa, tempoa... «Jasan ditugun aldaketa guztiak hor daude», esan du, Atxagari «maisulan bat oparitu» izana eskertuz.
Gaztelaniaz, 'Casas y tumbas' bilakatuta, otsailean iritsiko da, Alfaguararen eskutik.
Egiteak kontatu duenez, istorioak abiarazten zituzten detonagailu horiek hainbat pertsonaia jarri zituzten martxan. Horiek joan dira nobela ehuten. «400 orrialdeko nobela bat edo egiten duzu pertsonaien bitartez edo ezin duzu egin», esan du Atxagak, gehituz idazleak egin behar duena dela «jarraitu pertsonaiei eta konponduz joan bidean sortzen diren arazoak».
Nobelaren genesia azaltzeaz gain, horren atzean dagoen filosofia argitu nahi izan du Atxagak. «Prosak izan behar du gardena» da horren oinarri nagusia. Nobelaren osaketan murgilduta bi urte eman ostean, gardentasun horren bila lau hilabetez aritu da Asun Garikanorekin batera -berau da gaztelaniarako itzulpenaz arduratu dena- garbiketa lanetan, jakinik erabateko transparentzia ezinezkoa dela, literaturak beti behar baitu gardentasun osoak indargabetzen duen «intentzioanalitatea». 'Irisazioa' izan da gardentasuna pixka bat iluntzeko erabili duen baliabidea. Irakurleak bere kabuz antzemango du, momentua iritsitakoan, zein irisaziok markatzen dituzten testuak. Bi pista eman ditu Atxagak: Agatha Christie eta Oesteko nobelak.
Urteek ere modu oso nabarmenean markatzen dituzte atalak. 1972ko data darama aurrenekoak, 'It était un petit navire (Bazen barku txiki bat)' izenburua duenak. Denboraz haragoko eremu batean gertatzen den 'Daisy telebistan' izan ezik, gainerako guztiek dute urtearen marka: 'Lau lagun' (1970); 'Antoine' (1985-1986); 'Luisen istripua' (2012); 'Orkideak' (2017).
Ez da hori erabaki hutsala, adierazten baitu «gogoan hartu dudala historia», López de Landatxek azken nobela honekin harremanetan jarri duen 1988ko 'Obabakoak'-en ez bezala. «'Obabakoak'-en ez dago datarik, ez dago historiarik. Hemen, berriz, garaiak kutsatu egiten du atal bakoitza», adierazi du Atxagak. Aitzitik, «magiak eta mitoak ez daukate honetan tokirik».
Aurkezpenetan ohikoa da eleberriaren, narrazio bildumaren edo dena delakoaren gaiei buruz jardutea. Ez da horrelakorik aipatu 'Etxeak eta hilobiak'-en jendarteratzean. Horretarako aproposa izan ohi den kontrazalean ere ez da gai zehatzik aipatzen. Esaten da «ibai bakarrera jotzen duten errekak» direla nobela osatzen duten piezak, eta aipatzen dira halaber pertsonaien joan-etorriak, mugimenduak.
«Mugimendua egitea mugimenduarekin, mugimendu horiek ahalik eta ondoen jasotzea» izan da oraingoan, Atxagak hala esan du, idazlearen helburu nagusia. «Anbizio handiko helburua», zinez, hori baita «idazlearen erronka handiena, eta baita gauza interesanteena ere». Irakurleak, dena den, ez du zertan kezkatu. Nahi ahala gai ekarriko eta iradokiko dizkiote mugimendu horiek.
Horietako gai asko daude errealitateari -toki, une, objektu eta pertsonaiei-, oso lotuak. Edonola ere,«aipatzen den errealitate horretatik harago badago alde poetiko bat», eta liburuaren atzean dagoen ideia poetikoa laburbiltzen duen esaldia da 'ur hariak harri artean'. Hau da, «bizitza badoa aurrera baina zailtasunez beteta dago bidea».
Iturburu askotatik datozen ur hariak biltzen dituen liburu honen bidez -inoiz idatzi duen konplexuena dela esan du- Bernardo Atxagak egin nahi izan duen proposamena «ez da ematen duen bezain arina». Proposamen horrekin lortuko balu «irakurlearengan aldaketa izpi bat» eragitea, betetzat joko luke helburua.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Todos los conciertos y festivales de este verano en Cantabria
El Diario Montañés
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.