
Secciones
Servicios
Destacamos
'Orro mamorro'. 'Arrano sonarra'.'Erbi libre'. 'Karramarro horra marrak'... Palindromoak dira: eskuinetik ezkerrera eta ezkerretik eskuinera berdin irakurtzen diren esaldiak. Zenbaki kapikuen –'cap i cua', burua eta buztana katalanez– ordain letradunak, alegia.
Palindromoak sortzea hitz-joko klasikoenetakoa da. Euskaraz ere landu da. Gutxitan, baina, 'Abere ba, palindromo ilustratuen piztegia' liburuak eskaintzen dion testuinguru zabal eta askotarikoan. Bigara «tandem polifazetiko, kontraesankor eta kapikua» osatzen duten Itziar Aranburuk eta Jon Ander Garciak animalia izenekin egindako 101 palindromo sortu dituzte, beste horrenbeste ilustrazio eta 'piztegi' bat; sarreraren bigarren adieraren arabera, «hitz ezezagunak edo ilunak Ztik Ara argitzen eta aberetzen dituen hiztegia».
bigara
Arte Ederretan lizentziatuak dira Itziar Aranburu donostiarra eta Jon Ander Garcia zumaiarra, eta diseinuaren inguruan dihardu batik bat bien artean osatzen duten 'Bigara bikote sortzaileak'. Palindromoekiko interesa ez dute berria: «Aspaldiko orrialde eta koadernoetan, gaztetxotakoetan ere bai, aurkitu ditugu palindromo bakan batzuk idatzita. Gero, orain dela 20 bat urte, sortzaile bezala irudietan zentratu ginen batik bat».
Duela lauzpabost urte berriro hasi ziren koadernoak betetzen palindromoz eta hitz-jokoz. «Halako batean 'akerren erreka' eta 'orro mamorro' agertu ziren. Horren ondoren, orrialde guztietan animalien izenak, eta haien alderantzizko hizkietan hitz berrien bilaketa dago. Benetako meategia zen! Batzuk laburrak, besteak luzeak; batzuk oso borobilak, besteak sintaxi bihurridunak. Baina erraz agertu ziren ehundaka. Eta animaliak izaki bizidunak izateagatik, proiektua dagoeneko bizirik zegoen. Ingurukoek esaten ziguten hitz horiek elkarrekin agertzea ezin zela kasualitatea izan. Horrek ere grazia egin zigun, eta hiztegiaren bila abiatu ginen«.
Bide horretatik abiatu ziren, eta harrezkeroztik hartu-emanean garatu da Pamiela argitaletxearen eskutik 224 orrialdeko liburu dotore (19 euroko prezioa du) bilakatu den proiektua, zeinak gaurtik aurrera segida izango duen, liburutik at, Donostiako San Telmo Museoan.
Museoan bertan egin zen aurkezpenean, komunikazioaren hainbat arlotan aritua den Joxerra Garziak hitz-jokoen garrantzia nabarmendu zuen, onartuz pixka bat gutxietsita zeuzkala palindromoak, beste ariketa batzuen mesedetan. «Palindromoa denbora-pasa iruditzen zitzaidan, liluragarria baina hutsa. Ez nuen uste horiekin mundu oso bat eraiki zitekeenik», adierazi zuen.
Bigarako kideek egindako lanari esker ikusi du «palindromoa ez dela ariketa mekaniko soil bat, mundua asmatu eta sortzeko» balio duela. Euskararen kasuan, gainera, bereziki interesgarriak izan daitezke palindromo eta hitz-jokoak: «Semantikaren kartzelan bizi gara, hitzaren beste aldeak aintzat hartu gane. Gure prosa nola dagoen kontuan izanda, traste pedagokikoa izan daiteke liburu hau». Garziaren ustez, «gaur egungo komunikazio arazoen soluzioa tradizioan dago, eta lan hau euskararen itsasoan dauden ur sakonetara iritsi da». Joxerra Garzia bezala, Ixiar Rozas eta Harkaitz Cano izan dituzte, besteak beste, bidelagun.
Egileek ere oso gogoan izan dute hizkuntzarekiko harreman sakon hori, ariketa mekanikoan gelditu gabe. Lehenik eta behin «euskaratik eta euskal mundurako sortua» da liburua, eta horren osaketari esker ikusi dute egileek euskara, inguruko hizkuntzekin alderatuta, aberatsa dela hitz palindromotan. Aurrekariak ere dezente aurkitu dituzte: Kirikiñok 1923an antolatutako lehiaketa; Markos Gimeno ermuarrak egindako lana... Testu honen osagarri den atalean aurkitu daiteke informazio osatuagoa.
Palindromo bilduma da, batetik, hitzaurrea den hitzatzea eta hitzatzea den hitzaurrea dituen liburua. Gehienak laburrak dira, baina «badira bi palindromo luze, 9. eta 216. orrialdeetan, eta beste zenbait parrafoa osatzen dutenak liburu osoan zehar». Luze horietakoa da honako olerki palindromo hau, Itziar Aranburuk dioenez egin duen ariketarik zailena, kontzentrazio handia eskatzen duena:
Oso adi abere arte:
Larreko adarreko kilkerra barreka;
orro mamutak, orro mozolok,
esna otso herotsak ia biziro haziz,
arratoi zaharra te zurrupa.
Olio zopa «kolkolokolomoko»!
Irri zirri, azti harro, harra apal,
ia biraka lakarra kanta kitarratik at,
nakarra kalakari bai lapa arra.
Horra hitza, irriz irri: okomolokoloklok!
Apoz oiloa purru!
Zetarra hazi, otarra ziza horiz,
ibai kastore hostoan seko lo,
zomorro, katu, mamorro.
Akerra barre klik! okerra da.
Okerra letra ere bai da oso.
Abeze ilustratua ere bada liburua, alfabetoko letrak abere bilakatu baitituzte. «Animalia izenetik abiatuz, letra horietan inspiraturik, animalia ahalik eta forma sinpleenean bilatu da», esan zuten arlo horretan egindako lanari buruz. Hirugarren osagaia 'hiztegi-piztegia' da, «abere izen eta hitz eratorrien alderdi ezezagunak argitara ekartzen» dituena, piztien hiztegia izateko ez ezik «ideiak pizteko» ere balio duena. Bertako eta beste kultura batzuetako tradizio, kantu eta atsotitzetara, tradizio literariora eta beste hainbat iturritara jo dute umorez zipriztindutako hiztegi-parodia osatzeko, «hizkuntzaren gatza eta piperraren bila», besteak beste.
Formari eta ezaugarri teknikoei dagokienez, album itxura du 'Abere ba', baina ez da erraza zer den zehaztea. «Saiakera, prosa, poesia, albuma..., dena eta ezer ez» da, Joxerra Garziaren hitzetan. Zer den definitzea zaila bada ere, nahiko argi daukate egileek zertarako sortu duten. Izan ere, «euskaraz irudimena lantzeko eta sortzen jarraitzeko eremu berri bat ireki, eta hizkuntzarekin jolasteko eta plastikoki sormena lantzeko tresna luzatzen du».
Garziak nabarmendutakoaren ildotik, hizkuntzaren giharrak lantzeko ere aproposa da liburua. Erabil daiteke etxean eta hezkuntzan. Balia dezakete haur, gazte eta helduek, arituek eta hasiberriek; dibertitzeko, ikasteko eta trebatzeko, geruza eta irakurketa-maila desberdinak baititu.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
No te pierdas...
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.