Secciones
Servicios
Destacamos
Gauza bat da udazkenean egotea eta bestea uda azkenetan egotea. Ez du ematen. Aurtengo iraila, mundu mailan, inoiz neurtutako irailik beroena izan da eta urria aurrera doan honetan galtza motzetan gabiltza oraindik. Garaian garaikoa eskatzea luxua da gaur egun. Abuztuan onddoak bildu eta azaroan hondartzara. Eta ez soilik naturarekin zerikusia duten gauzekin. Denbora kontzeptua aztoratu dugu gizakiok. Denbora menditik zetorren erreka zen, ibilbide naturalekoa, guk presak eta ur-jauziak jarri arte. Merkantzia preziatua da orain eta ahal duenak saldu eta erosi egiten du. Prozesuak bizkortu edo mantsotu egiten ditugu interesaren arabera. Denbora nahierara maneia daitekeen tresna bihurtu dugu. Politikan edota futbolean, esaterako, nabarmena da fenomenoa. Eztabaidek ez dute edukiaren sakontasunak eskatzen duena irauten, are eta gutxiago gizartearentzat duten garrantziaren pareko tartea hartzen. Legeari zuzenketak jartzeko ezarri den epeak agintzen du zenbaitetan eta hauteskunde datak gehienetan. Baita denok hainbeste maite dugun euskara tartean dagoenean ere. Berdegunean, berriz, jokalariek markagailuaren mesedetan erabiltzen dute denbora. Lurrean minutu pare bat etzanda egotea ez da tranpa, partida ondo kudeatzea baizik. Garai bateko amonek bezala babarrunak eltzean egiteari utzi genionetik, denbora ez da elementu inozente eta sanoa. Gure etsai edo aliatua da. Badaude, noski, salbuespenak. Hika txakolindegiko sukaldari den Roberto Ruizek kontatu dit berriki lankideek edo bezeroek askotan galdetzen diotela zenbat geratzen zaien babarrunei, bisiguari edo txuletari prest egoteko. Eta bere erantzuna beti bera da. «Prest dagoen arte behar duen denbora geratzen zaio, zer dakit nik zenbat? Prest dagoenean prest egongo da eta kito». Hori da denbora baliabide neutro eta sakratu gisa errespetatzea.
Oso azkar doala esan ohi da. Oker esan ere. Abiadura handian guk joan nahi baitugu denboraren arauak urratuz. Besteak beste, gai honen inguruan gogoeta egiteko eraiki zuten Arantzazun Gandiaga Topagunea. Bihar, igandea izanik, egun aproposa hara bisita egiteko. Eguraldi dotorea datorrelako eta Bitoriano Gandiaga poeta handia biharko egunez jaio zelako 1928an. Batek daki han goian hemen behean topatu ezin dugun argi hori aurkituko ote dugun. Eta herri agintari bazara, agian bertako handitasunak hemen behean gabiltzanon txikitasunaz jabetzen lagunduko dizu. Zure lanaren muina zein den aurkitzen lagunduko dizu agian. Bitorianok idatzi zuen bezala, «beude gai inportanteak, beude behar huke-ak, aholku guztiak beude beren handitasun handiaren aldare barrokoetan, ale!».
Gustura entzungo nuke haren iritzia hizkuntza ereduen harira. Garrantzia ematen baitzion euskarari. «Hemen euskaldun izatea bezalako gudaririk ez dago. Hemen euskaraz irakurri eta euskaraz idaztea bezalako iraultzailerik ez dago. Hemen euskara indartzea bezalako indar politikorik ez dago. Hemen ez dago euskara adinako desafiorik inperio zurrupariaren aurka. Hemen ez dago euskara adinako askatasunaren aldeko itxarobiderik». Ikastetxe bakoi-tzari utziko ote zion bere hizkuntza proiektua garatzen? Alderdien arteko ika-mika behintzat salatuko zuelakoan nago. Zenbat denbora baliatzen duten batzuk eta besteek elkarri botatzeko erantzunak presta-tzen! Kontaketa omen da funtsezkoena. Jendearen (boto-emaileen) ustean geratzen dena.
Gandiaga Topagunean duela hamar bat urte 'Eskola eta baloreak' jardunaldian egoteko aukera izan nuen. sc Torralba irakaslea Kristau Eskolako ikastetxeetako 113 hezitzailerekin bildu zen. Eta Ramon Llull Bartzelonako Unibertsitateko irakasleak argi utzi zuen mezua hauxe izan zen: «Baloreak bizitza estilo baten bidez adierazten dira eta ez beraietaz hitz eginez». Merezi du denbora pixka batean honi bueltak ematea. Barkatu beste behin, irakurle, burua joan bazait. «Tiriki, tauki, tauki, mailuaren hotsa. Tiriki, tauki, tauki, mailuaren hotsa. Etsipen kolpe bat da ukaldi bakoitza. Ai, oi, ai, ukaldi bakoitza». Baita nire artikulu bakoitza ere.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
No te pierdas...
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.