Borrar
Egin kontu

Gereziak

Gertatu zena oroitzeko, hausnartzeko eta aztertzeko gerezi gehiago jan behar baditugu, gertatu zena oroitzeko, hausnartzeko eta aztertzeko gerezi gehiago jan beharko ditugu

Jueves, 5 de junio 2025, 02:00

Hiru kiloko gerezi kaxa iritsi da eskuz esku etxera. Etxauriko gereziak. Arbolatik eskuz eta eskura jasoak. Eskutik eskura eman eta oparituak. Nekez opari ederragorik. 0 kilometroak zapore berezia du. Indar handiagoa du. Eztarrian bestela egiten du irrist. Gerezia ahora sartu eta plasta, zukua urtzen den uneak definizio bat behar luke hiztegian. Hezurra zuritzeak beste bat. Zupa eta zupa, ondo soildu arte.

Mendian aurkitzen ditugun gorotzak norenak diren bereizten aritzen garenean, azeriarena ikustea gustatzen zaigu gehien. Luzanga, fin hori, gerezi hezurrak osorik eta nabarmen izaten dituena. Azeria inguruan dabilela irudikatzeak zirrara eragiten digu. Pentsatzeak agian hurbildu eta gonbidatuko gaituela berarekin jolastera.

Erromatarrek lehenengo mendearen bueltan Turkiatik ekarritako fruitu eder hau zinez maite dugu etxean. Katilu bete gerezi ahoratu eta hezurrekin klin-klin-klin gai gara hezur eta guzti azeriarena egiteko. Loa errazten omen du gereziak jateak; zer ote den ohean etzaterako lo hartzea, lo hartu aurretik lo hartzen ari zarela pentsatzeko astirik ez izatea.

Memoriari ere eragiten omen dio. Onerako. Zenbat eta gerezi gehiago jan, ahanzturarako joera gutxiago. Memoria presenteago. Badoan denbora ekartzeko buru-indar handiagoa. Hiru kiloko gerezi kaxa aurrean, bost minutuan ahoratu ditut auskalo zenbat gerezi: heldu, txurtenari tira, maxka-maxka-maxka barrura eta hezurra kanpora, heldu, txurtenari tira, maxka-maxka-maxka barrura eta hezurra kanpora, heldu, txurtenari tira, maxka-maxka-maxka barrura eta hezurra kanpora... Memoriak ekain hasiera hau ekarri dit neure baitako hausnar-solasera. Gladysez oroitu naiz. Duela berrogeita sei urte, 1979ko ekainaren 3an, guardia civil batek Tuteran hil zuen tiroz, atzetik. Zarta, gerezia gorri. Zarta, tiro. Gertatu zena oroitzeko, hausnartzeko eta aztertzeko gerezi gehiago jan behar baditugu, gertatu zena oroitzeko, hausnartzeko eta aztertzeko gerezi gehiago jan beharko ditugu. ETAko kide batek, 2000ko ekainaren 4an, hil zuen Jesús María Pedrosa Durangon tiroz, atzetik. Zarta, gerezia gorri. Zarta, tiro. Gertatu zena oroitzeko, hausnartzeko eta aztertzeko gerezi gehiago jan behar baditugu, gertatu zena oroitzeko, hausnartzeko eta aztertzeko gerezi gehiago jan beharko ditugu. Jandako gerezien hezurrekin, ordea, zer egin. Hori ere asmatu beharko dugu. Kaleak eta paretak zikintzen ariko gara bestela. Eta hori (ere) elkarbizitza da.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Gereziak