Borrar
Lurrean gustura ibiltzen dira umeak Ezkioko eskola txikian. J. M. LÓPEZ

Adin aniztasuna eta inguru naturalarekin harreman zuzena

Eskola Txikien sareak diskurtso propioa eraiki du eta bere definizioaren arabera «landa eremuko eskola publiko eta auskalduna» da

G. L.

Martes, 3 de junio 2025, 02:00

Landa eremuko herri eta auzo txikietako eskola publiko eta euskaldunak dira Eskola Txikiak, baina definizio soil hori hezkuntza eredu propio batekin jantzi dute guraso eta irakasleek. Herri eta auzo txikiak bizirik iraunarazteaz harago, ikasleei heziketa berezia eman nahi zaie.

Lehenik eta behin, euskal kulturaren, nortasunaren, izaeraren eta hizkuntzaren iturburu eta zaintzaile izateko lan egiten dute, baita, nola ez, euskararen arnasgune izateko ere, sareak egindako azken birdefinizioak dionez.

Bestalde, eskola txikiek txikitasuna mantendu nahi dute hain justu ezaugarri propio gisa. Talde txikia izateak ematen die elkar ondo ezagutzeko aukera, elkarrekin begirunezko harreman bereziak sustatzekoa. Horri esker, eskola komunitateko kideak kolektibo baten partaide bezala zain ditzakete.

Honekin batera, natura da funtsezko elementua hezkuntza eredu honetan. «Gutxi izateak ematen dizkigu inguru naturalarekin harreman zuzenagoak izateko aukera amaigabeak. Gure testuinguru naturala, gure eremu geografikoa ikasteko iturri amaigabea izan daiteke Eskola Txiki batean», dio sarearen oinarri filosofikoak. Landa eremuko eskolak izanik, aukera apartak dituzte ikasleek baliabide naturaletaz gozatzeko.

Halaber, adin aniztasuna da eskola hauen hezkuntza ikuspegiaren oinarrizko elementuetako bat, ez soilik gazteenek zaharrenengandik ikasten dutelako eta zaharrenek gazteei lagunduz sakondu eta errepasatzen dutelako, baizik eta ikas prozesuen pertsonalizazioa aprobetxatzeko bideak ematen dizkielako.

Konstruktibismoa ardatz

Izan ere, eskola txikietan curriculuma garatzeko egin beharreko ibilbideak pertsonalak dira, «denbora zehatzik ez dagoenez ez baitago ikas maila bati dagokion jakintzarik, abileziarik edota ikasteko gairik». Hortaz, bakoitzaren prozesua pertsonala da. Era berean, gelan adin desberdinetako lagunak izateak kooperazioa sortzeko aukera ugaritzen du.

Azkenik, ardatz metodologikoei dagokionez, konstruktibismoa hartzen du aintzat sareak. Teoria honen arabera, ikaslea bera da bere ikaskuntza-prozesua eraikitzen duena eta horretarako, aurreko jakintza eta trebezietatik abiatzen da jakintza berria ikastera. «Eskola txikietan haurren parte hartzeari garrantzia berezia ematen diogu», dio sareak landutako azken dokumentuak.

Hala ere, ideia hauek ez dira mugiezinak. Miren Odriozola Eskola Txikien koordinatzaileak azaltzen duen moduan, «lau urtero plan estrategikoa lantzen dugu eta erronkak ezartzen ditugu. Horietako bat da, hain justu ere, gure sare nortasuna sendotzea. Irakasleen arteko foroak antolatu ditugu, guztioak egin dezagun lan begirada berarekin eta ikuspegi bera barnera dezagun. Garai bakoitzak ere berea eskatzen du eta egokitzen jakitea da beste erronka».

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Adin aniztasuna eta inguru naturalarekin harreman zuzena

Adin aniztasuna eta inguru naturalarekin harreman zuzena