Borrar
Las diez noticias clave de la jornada
Patxi Sáez, Xabier Pereda eta Erik Isasmendi. Ricard Fabrique

Espinosauro erraldoi bat aurkitu dute Sorian

EHUko Erik Isasmendi eta Xabier Pereda ikertzaileek parte hartu dute

DV

Lunes, 26 de mayo 2025, 12:26

12 metro luzeko espinosauro baten hondakinak identifikatu ditu, Sorian, Euskal Herriko Unibertsitateko Erik Isasmendi eta Xabier Pereda ikertzaileak buru zituen nazioarteko talde batek. Iberiar penintsulan ezagutzen den Behe Kretazeoko dinosauro handiena da. Duela 125 milioi urteko aurkikuntza Errioxako Unibertsitateko Adrián Páramo ikertzailearekin eta Bavariako (Alemania) Estatuko Paleontologia eta Geologia Museoko Elena Cuesta paleontologoarekin lankidetzan argitaratu da.

Los Caños eta Zorralbo aztarnategietan, Soriako hiriburutik hurbil, aurkitu dituzte aztertutako fosilak (hortzak, ornoak, garezurreko hezurrak eta gorputz adarretako hezurrak). Hondakinak teropodo batenak dira (hezur hutsak eta hiru hatz funtzionaleko gorputz adarrak zituen dinosauroen azpiordena bat), 10-12 metro luze izango zen espinosauro batenak. Hortaz, orain arte Iberiar penintsulan aurkitutako Behe Kretazeoko (duela 125 milioi urte gutxi gora behera) teropodo handiena da.

Espinosauroei buruz

«Espinosauroak dinosauro haragijaleak ziren, eta beste teropodo batzuetatik erraz bereizten ziren garezur baxu eta luzexka, eta egungo krokodiloen antzeko hortz konikoko barailezurra izateagatik», azaldu du Erik Isasmendi paleontologoak. «Beso luze eta sendoak zituzten, bai eta atzapar indartsuak izaten zituzten hiru hatzeko eskuak ere. Horietako batzuek, gainera, bizkar bela bereizgarria izaten zuten. Aintzira eta ibaietatik hurbil bizi ziren, eta, batez ere, arrainez elikatzen ziren, nahiz eta beste animalia batzuk ere ehizatzen zituzten».

Hondakin fosilak 2000. eta 2010. urteen artean aurkitu zituen Meijide-Fuentes familiak, Soriako dinosauroen aztarnategietan urte luzez indusketak egin dituen paleontologo afizionatuen familiak. Gerora, fosilak Soriako Numantziar Museoan utzi zituzten. Erik Isasmendik museoan bertan aztertu zuen materiala doktorego tesia egiten ari zen bitartean, eta emaitza berriak lortu zituen bere tesirako eta ikertaldeak argitaratu berri duen artikulurako. Espinosauro handiaren hondakinez gain, ikertzaileek zenbait hortz solte aurkitu dituzte, espinosauroa ez zen bigarren teropodo batenak. «Oraingoz, teropodoa zehaztu gabeko tetanuro gisa (zenbait teropodo biltzen dituen dinosauro adar bat) sailkatu da behin-behinean», adierazi du Isasmendik.

Espezie berri bat

Azterlan horren emaitzek gako berriak ematen dituzte Los Caños eta Zorralbo aztarnategietan dauden dinosauro teropodoen aniztasuna ulertzeko, bai eta Behe Kretazeoan Iberiar penintsula osoan zeudenak ulertzeko ere. Orain arte aldi horretako espinosauroen bost espezie ezberdin deskribatu dira, eta ikertzaileek ez dute alde batera uzten Sorian aurkitutakoa eremu horretako berezko espezie berri batekoa izatea.

«Soriako espinosauro handia oraindik deskribatu ez den espezie batekoa izan daiteke, nahiz eta hondakin gehiago lortu beharko liratekeen baieztatzeko oraingoz ezagutzen ez den espezie bat dela», azaldu du Isasmendik.

Aurkikuntza Golmayoko eraketa geologikoaren barruan egin da, aberastasun paleontologikoagatik apartekoa den ingurunean. Bertan, hainbat ornodunen fosilak ere agertu dira, besteak beste, honako hauenak: beste dinosauro teropodo batzuk, krokodiloak, dortokak, muskerrak, anfibioak, arrain hezurdunak, marrazoak eta ugaztun primitiboak. Bai eta ornogabeen fosilak (hala nola molusku eta krustazeoenak) eta alga eta landare hondakinak ere.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Espinosauro erraldoi bat aurkitu dute Sorian

Espinosauro erraldoi bat aurkitu dute Sorian