

Secciones
Servicios
Destacamos
Tere Madinabeitia
Ordizia
Jueves, 22 de mayo 2025, 02:00
Urteko lehen patata aleak iritsi dira azkenik Ordiziako feriara, ohi baino beranduago. Izan ere, aurtengo udaberria euritsua eta freskoa doa, eta horren eragina nabaritzen ari da Plaza Nagusiko postuak hornitzen dituzten baratzetan eta soroetan. Euriaren eta tenperatura freskoen ondorioz, produktu batzuk beste urte batzuetan baino beranduago edo eskasago iristen ari dira aurten, eta patata da horietako bat. Atzo jarri zuten salgai azkenik Gabiriako Antxoni Murgiondoren, Altzagako Arantxa Lopetegiren eta Aramako Miren Jauregiren postuetan. Patata berriaren kiloak 2 eta 2,5 euro arteko prezioa egin zuen.
Eta patata bezala lur azpitik datorren produktua da erremolatxa, atzoko bigarren berritasuna. Gorria aspalditik zegoen aukeran ferian, baina horia ere badago, eta atzo ikusi zen lehen aldiz ferian, Bidania-Goiatzeko Natalia Magallanesen postuan, hain zuzen. Gorriaren antzeko zaporea duela azaldu zuen ekoizle ekologiko honek, eta egosita zein gordinik jan daitekeela esan zuen, «baita hostoak ere, azelgak bezala prestatuta». Sortatan zituen salgai, 2,5 euroan sorta bakoitza.
Udaberri honetan egiten ari den eguraldia baratzeko lanetarako oso aproposa ez den bezala, perretxikoentzako mesedegarria da nonbait, zizan zuriei dagokienez behintzat, atzo ere, eskaintza handia izan zelako. Plaza barrukoak eta Garbiñe Barandiaranen, Felix Barcinaren eta Mikel Lasaren postuetan eskainitako guztia batuta, 320 kilo izan zen emaitza, eta prezioa, berriz, kiloko 20 eta 33 euro artekoa. Perretxiko gehiago ere izan ziren: 40 kilo onddo (23-38 euro), 15 kilo ziza hori (19-26 euro) eta boilurra (100-165 euro).
Loreak ere aipatu behar dira, geroz eta ugariago daudelako. Lore moztuetan, aurten oso ugari dagoen kala zuriarekin batera, peonia eta krabelin txinatarra ere baziren salgai atzo Maite eta Arantxa Zurutuza ahizpa aramarren postuan, sorta 5 euroan. Miren Jauregik ere bazituen kalak, horiek ere 5 euroan sorta. Iñaki Azanzaren eskaintza ere ez da makala azken asteotan, eta honen postuan krabelin txinatarrak ere bazeuden atzo, biziak, landare bakoitza 2,5 euroan. Cosmos motako margarita ere berria zen (3,5 euro).
Fruta saltzaileen postuetan ere izan ziren berritasunak, eta urteko lehen paraguaioak ikusi ziren atzo. Kiloa 5,95 eta 6,95 euro artean jarri zuten salgai. Gainera, sandiaren eta meloiaren denboraldia hasi da. Sandiaren kiloa 2,5 eta 2,95 euro artean jarri zuten, eta meloiarena 2,95 eta 3,95 euro artean.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
No te pierdas...
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.